"Esperientzia, gaztetasuna eta Ordiziak aurrera egiteko ilusioa batzen dituen zerrenda" aurkeztu du EAJk
Gaur arratsaldean aurkeztu du Ordiziako EAJk hauteskundeetarako hautagaien zerrenda, Plaza Nagusian. Ekonomia eta enplegua sustatzea, eta gizarte zerbitzuen hobetzea aipatu dituzte programaren oinarri gisa.
Ordiziako EAJk hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du gaur arratsaldean, Plaza Nagusian. Alderdiaren hitzetan, “esperientzia, gaztetasuna eta Ordiziak aurrera egiteko ilusioa batzen dituen zerrenda” da. Joseba Aranburu Ganzarain aurretik zinegotzi izandakoa izango da alkategaia. Aurpegi berriak eta aurreko taldekoak uztartu dituzte, eta ekonomiaren eta gizarte zerbitzuen hobetzea azpimarratu dituzte programaren oinarri gisa.
Arantxa Garinek aurkeztu du ekitaldia. Inguruko herrietako EAJko alkate zein alkategai batzuk izan dira plazan. Baita Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi izateko EAJren hautagaia ere. Arantxa Arozenak hartu du hitza aurrena. Azken 4 urteetan zinegotzi izan da, eta “herria eraikitzen jarraitzeko konpromisoarekin” aurkeztu da. Ekonomia eta enplegua izan ditu hizpide: “Herri honetan bizi garenok eta bizi nahi dutenek haien bizi proiektua garatu nahi dute, eta horretarako jarduera ekonomikoa izan behar dugu. Ahalegindu behar gara horretarako lan egiten, ekimen berriak bilatzen saiatu eta ditugun horiek mimatu eta babestu: merkataritza, azoka eta industria”.
Gregorio Iruretagoienak, aldiz, zerbitzu sozialen inguruan hitz egin du. Garinek azaldu duenez, “zerbitzu sozialetan eta erresidentzia publikoen kudeaketan esperientzia handikoa” da zerrendako bigarren hautagaia. Programaren “lehentasunetako bat” dira zerbitzu sozialak EAJrentzat, “Ordizian eta Gipuzkoan”. Iruretagoienak zerbitzu horien “kalitatea” nabarmendu ditu, eta bi erronka dituztela azaldu du: bata, adinekoentzako arreta pertsonalizatua “hobetzea”, eta bestetik, arreta pertsonalizatu hori “kalitatezkoa” izatea, “betiere baliabideak mugatuak direla ahaztu gabe”. Zerbitzu horien hobetzeak gizarteko adin talde guztiei eragingo liekeela gehitu du.
Amaitzeko, Joseba Aranburu alkategaiaren txanda izan da. Hala aurkeztu dute ekitaldian: “Gertukoa, eraikitzailea eta bizitzan borroka asko egitea tokatu zaiona”. Beti jendearen zerbitzura lan egin duela eta horrek bete egiten duela esan du Aranburuk lehendabizi. “Bokazioa da”. Taldearen posizioa “ordiziarrengandik gertu egotea eta entzutea” izan dela eta izango dela gehitu du. “Mundu honetan ez dugu asko entzuten, gehiago entzun beharko genuke, eta gehiago herrigintzan”. Bukatzeko, aurreko legealdian hasitako eta azken 4 urteotan egindako proiektuak aipatu ditu. “Anbulategia hobetzea eta geltokiaren estrukturak ere elkarlanean heldu dira, Madrilen dauzkagun ordezkariekin”.
Ordiziako EAJren hautagaien zerrenda:
1. Joseba Aranburu Ganzarain
2. Gregorio Iruretagoiena Etxaniz
3. Agurtzane Antoñana Arizmendi
4. Leire Bidaguren Pujana
5. Xabier Crespo Ibarrolaburu
6. Arantxa Arozena Gomez
7. Carlos Castaño Arias
8. Juan Vicente Erauskin Garmendia
9. Miren Auzmendi Urkiola
10. Jose Ignacio Iturrioz Gotor
11. Arantxa Garin Garmendia
12. Julen Bereziartua Estensoro
13. Ainhoa Aramendi Samaniego
14. Maite Arrese Imaz
15. Jon Txurruka Etxezarreta
16. Maria Angeles Iturrioz Aldanondo
17. Miguel Fajardo Ruiz