Ixabel Olano parkea eraberrituta, erabilgarri dago
Irisgarritasuna hobetu dute, haurrentzako jolas parkeko elementuak aldatu dituzte, lorezaintza lanak egin dituzte eta argiteria ere berritu dute, besteak beste.
Iragan asteburuaz geroztik, herritar guztientzako zabalik dago Ixabel Olano parkea. Hala, iazko urrian hasitako lanak behin betiko bukatu dituzte. Parkeak itxura berria erakusten du; zoladura, irisgarritasuna eta haurrentzako jolasak berritu dituzte, baita argiteria ere. Horrez gain, ur-azpiegitura ere berritu dute.
Leire Artola Beasaingo alkateak duela aste batzuk obrak amaitzear zeudela parkera egin zuen bisitan ere nabarmendu zuen, «80. hamarkadan eraikitako azpiegitura izanik, egoera txarrean aurkitzen zen, espazio honen eraberritze sakon baten premia zuelarik».
Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak Iturrioz eraikuntzak enpresak egin ditu, 800.387,30 euroko kostua izan dute. Itziar Rodriguez beasaindarra eta Javier Regalado izan dira proiektua egin duten arkitektoak, eta herritarren parte hartzearen bidez egindako elkarlanari esker burutu da.