Diru laguntzak energiari
Idiazabalgo Udalak 316.000 euroko diru laguntza jaso du Europako 'Next Generation' diru funtsetik. Herriko argiteria sistema aldatzeko erabiliko da zati bat. Zelaa kiroldegian eguzki plakak jarriko dituzte.
Idiazabalgo Udalak 316.329,63 euroko diru laguntza jaso du Europako Next Generation diru funtsetik herriko argiteria sistema aldatu eta Zelaako kiroldegian eguzki plakak jartzeko.
Alde batetik, Zepai eta Galo Zudaire kaleetako argiteria sistema aldatuko du udalak. Proiektu horretara bideratuta, 274.469,69 euroko diru laguntza jaso du. Aipatutako bi kale horietan dauden 134 argi puntu dira, zehazki, aldatuko dituztenak. Egungo sistema zaharra kendu eta LED teknologiara aldatuko dituzte kale-argiak puntu horietan.
Arautegi berrira egokitzeko hainbat egokitzapen ere egingo dizkiote gaur egungo sistemari. Argi gune berri bat gehituko zaio dagoenari, eta orotara Idiazabalen 626 argi puntu izatetik 627ra pasako dira. Herrian dauden 19 aginte-paneletatik bi egungo arautegira egokituko dituzte. Amaitzeko, kontsumoari, mantenuari eta argi-fluxuari buruzko informazio zehatza jasoko duen sistema berri bat ere jarriko da. Berrikuntza eta aldaketa hauekin energia kontsumoan %58 aurreztea aurreikusten da.
Eguzki plakak Zelaan
Bestetik, udalak beste 41.859,95 euro jaso diru funts beretik Zelaako kiroldegiko teilatuan eguzki-plakak jartzeko. Orotara, 76 panel fotovoltaiko jarriko dituzte eta lanak Tapia enpresak egingo ditu.
Lortutako energia udal eraikinak hornitzeko erabiliko da: %25 udaletxera, %1 udaletxe zaharrera, %13 Pilarreneara, %30 Aita Iparragirre herri eskolara, %15 haur eskolara eta %16 osasun zentrora. Urteko energiaren aurrezkia %25ekoa izango da.