ELKARRIZKETA. «Ez nago guztiz ondo, baina dena ematera aterako naiz»
Lesio batetik erabat osatu ezinik, baina denboraldi txukuna eginez iritsiko da Ainhoa Sanz (Urretxu, 1989) Zegamara. «Sorpresa bat izaten ari da aurtengo denboraldia. Nire mugen barruan, ahal dudana egiten ari naiz aurten». Hirugarrenez parte hartuko du Kilometro Bertikalean. 2019an irabazi egin zuen. Ekainean Austrian jokatuko den Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera dauka. «Hautatzailearen eskua dago joan ala ez».
Aurrena Bakerren kistea belaun atzean, eta ondoren gerriko arazoak. Azken lesio hori erabat osatu gabe du oraindik atleta urretxuarrak. «Ordekan korrika egitea eragozten dit minak, igoeretan hobeto moldatzen naiz». Krosean nabarmendutako kirolaria da Sanz, eta orain urte gutxi hasi zen lehiatzen mendi lasterketetan. Aurtengoa «trantsiziozko denboralditzat» izendatu du, baina lortutako emaitzak ikusita, ez dirudi hala denik.
Orain arteko probetan emaitza bikainak lortu dituzu. Lehiarako sentsazioak berreskuratu dituzula esan daiteke.
Bai, oso gustura nabil, ez nuen espero gauzak horren ondo aterako zitzaizkidanik. Sorpresa bat izaten ari da. Ahal dudana egiten ari naiz, nire mugen barruan. Igoera Bertikaleko Espainiako txapelketan laugarren sailkatu nintzen otsailean Ojosen (Murtzia, Espainia), eta helburua lehen hamarretan sailkatzea zen, eta apirilaren 22an Bartzelonako Cercs herrian jokatu zen Kilometro Bertikala irabazi nuen. Tartean ere parte hartu dut lasterketa gehiagotan.
Azken garaipen horrek ekainean Austrian jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko atea zabaldu dizu.
Ojosen lortu nuen laugarren postuarekin federazioak esan zigun Cercsekoa ere kontuan hartuko zutela. Iaz Espainiako Txapelketa jokatu zen han, nahi zuten aurreko postuetan ibili zirenen antzeko denborak egitea, eta nik egin nuen denborarekin sartu nintzateke, baina hautatzailearen esku dago joan ala ez. Aukera badaukat bai joateko.
Bada zerbait.
Ez nuen espero egin esanda, eta sorpresa bat izaten ari da. Eramaten banaute ondo, eta bestela ere bai. Aurtengo helburua ez zen hori, hortaz, etortzen denarekin konforme.
Aurtengoa «trantsiziozko denboralditzat» izendatu zenuen orain hilabete GoiBerri aldizkariari emandako elkarrizketa batean. Oraindik ere modu horretan definitzen duzu?
Trantsiziozkoa izaten ari da bai, bestela fuerteago entrenatu beharko bainuke eta beste modu batera. Egunak dauzkat, batzuetan ondo, besteetan ez, baina oraindik ez nago erabat ondo, hori garbi daukat.
Igandean Lerinen (Nafarroa) autonomia erkidegoen arteko Espainiako Txapelketan bigarren sailkatu zara. Ez zaude atseden hartzeko.
Ez dago jenderik selekzioarekin parte hartzeko, askok atzera egin dute. Lasai hartu nuen, niretzako lasterketa luzea zelako, eta Zegamara ondo iritsi nahi dudalako. Mendi lasterketetan atletismoko federazioa eta mendikoa daude sartuta, eta hau atletismokoa zen. Egutegia oso beteta dago, eta jendea banatu egin beharra dago. Egun berean Txindokiko Kilometro Bertikala zegoen, pentsa!
«Sorpresa bat izaten ari da. Nire mugen barruan, ahal dudana egiten ari naiz aurten»
«Hautatzailearen esku dago Munduko Txapelketara joan ala ez. Aukera badaukat»
«Ahal bada zorua lehor egotea nahiko nuke, eta bero handirik ez egitea»
Eta Zegamara zer gorputzaldirekin zatoz?
Guztiz ondo ez, baina ahal dudana egitera joango naiz. Kilometro Bertikaletan hobeto moldatzen naiz korrika egiteko bestelako lasterketetan baino.
Hirugarren parte hartzea izango duzu Zegamako Kilometro Bertikalean. 2018an laugarren, 2019an irabazle. Zein da aurtengorako dakarzun erronka?
Ateratzen dena, lasterketa bat gehiago. Aurtengo denboraldian ez dut helburu zehatzik jarri, ateratzen dena aterako da, eta kito. Baina egia da dortsala janzten dudanean dena ematera ateratzen naizela, eta seguru hustuta iritsiko naizela, hori ziur.
Zer da Zegamako bertikaletik gehien gustatzen zaizuna?
Proba motza da, baina oso intentsoa. Denbora guztian gantxoarekin zoaz, erlaxatzeko tarterik ez daukazu. Indarra ondo neurtu beharreko lasterketa da.
Eguraldi aldetik zer nahiago izaten duzu?
Zorua lehorra egotea, eta eskatzen hasita bero handirik ez egitea. Kilometro Bertikal bat lokatzarekin oso gogorra egiten da.
Izan zara Zegamako ibilbidean entrenatzen?
Bai, izan naiz, baina apropos joan naiz parte hartzekoa naizelako, bestela ez nintzateke Zegamaraino joango. Batez ere Izazpi eta Irimo artean entrenatzen dut, mendian batez ere. Asfaltoan ere ibiltzen naiz, eta pista ez dut ezertarako ere zapaltzen.