KILOMETRO BERTIKALA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Maratoiaren atariko moduan hasi zen Kilometro Bertikala, baina urtez urte sendotzen ari da. Iñigo Uribeetxeberria legazpiarrak, Garazi Golmaio zaldibiarrak, Alvaro Ramos zegamarrak eta Edurne Arakistain legorretarrak dituzten sentsazioen berri eman dute. Dortsalak ere kontsulta daitezken albiste barruan.
Zegamako plazatik abiatu eta Irauleko gainera arte, apenas 5 kilometroko bidean mila metrotik gorako desnibela igo behar da, %33ko penditzarekin. Azken hiru kilometroak dira erlojupekoak, Arriaunditik (505 metro) Iraulera (1520 m.). Datu horiekin, ez da harritzekoa korrikalariek proba «oso gogorra» eta «esplosiboa» dela esatea.
Hala ere, parte hartuko duten goierritarrek ez diote beldurrik aldapari. Batzuk ezagutzen dute, eta aurreko urteetako denbora hobetu nahian doaz. Besteek aurten egingo dute aurrenekoz proba. Gogotsu daude denak, baina beti ere, mendiari errespeturik galdu gabe.
IÑIGO URIBEETXEBERRIA (LEGAZPI)
«Aizkorrik paraje ederrak ditu, eta etxean aritzearen sentsazioa ematen du»
Zegamako Kilometro Bertikala ondo baino hobeto ezagutzen du Iñigo Uribeetxebarria legazpiarrak, aurten hirugarren aldiz parte hartuko baitu igoeran. «Legazpiarra izanda, etxetik nahiko gertu dut, eta sarritan joaten naizen tokia da; Aizkorriko mendi-zerrak paraje ederrak ditu horrelako proba bat egiteko, eta etxean korrika aritzearen sentsazioa ematen du».
Duela sei urte egin zuen aurreneko aldiz proba, eta iaz bigarrena. Tarte horretan, lasterketa hau ere asko hazi dela dio: «Nabaritzen da beste enitate bat hartu duela; beste lasterketa askok ez dute informatiboki horrelako jarraipena izaten».
Bertikalak proba «esplosiboak» direla dio Uribeetxebarriak, eta «gorputzak nola erantzuten duen ikusi» behar dela. Bere buruari helburu bakarra jarri dio, «neure buruarekin gustura gelditu eta ahal bada iazko denbora hobetzea». Hortik aurrera, «sailkapenak ezin dira kontrolatu, egunaren eta datorren jendearen arabera ere bada hori».
GARAZI GOLMAIO (ZALDIBIA)
«Lasterketa eta giroa bizi nahi ditut, eta ahal bada, aurreko denbora hobetu»
Proba ondo ezagutzen dutenetariko beste bat da Garazi Golmaio zaldibiarra ere. Hiru aldiz egina du dagoeneko, eta batez ere «festa bat delako» parte hartzen du, «Zegamak izen bat dauka, eta giro ederra egoten da, guretzat berezia da».
Berez «distantzia luzeagoetarako» ari da prestatzen, baina «Aizkorri ingurua asko gustatzen zait, eta Zegaman sortzen den giroa ere bai», horregatik joango da aurten ere. Gainera, badaki «maratoian dortsala tokatzea oso zaila» dela, eta «bertikalean errazagoa» izaten dela.
Helburua, aurretik aritu diren gehienek bezala, azken urteetako erreferentziak hobetzea izango du. «Iaz ordubete inguruan egin nuen, ea aurten hobetzen dudan; ez naiz kristoren diferentziak ateratzera joatekoa, baina ahal bada txukun bukatu eta iazkoa hobetu nahiko nuke». Bertikaletan, disfrutatzeko tarte gutxi izaten dela dio, «hasiera gehiena basoan da, eta gero aldapa gogorrak daude, baina egia da azken metroetan, jendearen animoekin-eta, oilo ipurdiak ateratzen direla».
ALVARO RAMOS (ZEGAMA)
«Zegamakoa izanda, ibilbidea bertatik bertara edukitzeko zortea dugu»
Zegamarra izanda, betidanik ezagutu ditu Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren ingurukoak. Duela hamar bat urte junior mailan aritu zen, eta geroztik boluntario lanetan ere ibilitakoa da. «Zegamarrontzat proba berezia» dela dio. Aurten eman du Kilometro Bertikalean parte hartzeko pausoa.
Ramosek betidanik izan du mendirako afizioa, baina «pandemiaz geroztik, mendira eta mendira hasi nintzen, gero eta gehiago». Tabernan lanean eta boluntario moduan ezagutu du asteburu hau orain arte, baina aurten proba egitea erabaki du. «Zegamakoa izanda ibilbidea bertatik bertara edukitzeko zortea dugu, eta bertan aritu naiz entrenatzen». Abantailak abantaila, ordea, egunean bertan ez da berriketarik izango. «Oilar asko ateratzen dira hor, eta aurreneko postuetan pentsatu ere ez, baina neure buruari begiratuta, 50 minututik jaistea erronka polita litzateke».
EDURNE ARAKISTAIN (LEGORRETA)
«Bertikalak leherkorrak izaten dira, baina niri gustatzen zaizkit»
Aurreneko edizioa izango da hau Arakistainentzat ere. Proba askotan aritutakoa bada ere, sekula ez da Zegaman apuntatu, «normalean Legorretako festekin batera» izaten da eta. Iaz joan zen aurrenekoz maratoia ikustera, eta «sekulako giroa» egoten dela ikusi zuen.
Hala, aurten pausoa eman eta Kilometro Bertikalean izena ematea erabaki du. «Oso esplosiboak izaten dira, baina niri bertikalak gustatzen zaizkit, goraka direlako, eta ni beherakoan moldatzen naizelako okerren». Txindokikoa, San Donatokoa edota Anbotokoa eginak ditu, besteak beste.
Hala ere, lesio bat tarteko, ez da bere gorputzaldirik onenean iritsiko: «Masail hezur bat hautsi nuen Hondarribian, eta orain [joan den astean] hasi naiz korrika». Aurten beste bi probatan aritzekoa zen, baina «lesioa dela eta egin gabe» gelditu da.
Zegamako Bertikalak «gogor fama» duela dio. «Nik daukadan erreferentzia Anbotokoa da, eta hura oso gogorra da; hau ere oso gogorra dela diote, baina ez dut oraindik ezagutzen». Proba egiteko asmotan doa, eta «giro onarekin eta jendearen animoekin, une polita» bizi nahian. «Dagoeneko adin bat daukat, eta helburua gehiago izaten da aurreko markei eutsi eta behintzat beheraka ez noala ikustea, mantentzen dudala»