Ormaiztegiko eskubaloi taldearen agurra 45 urte eta gero
Ormaiztegiko eskubaloi taldeak bere azken partida jokatuko du bihar arratsaldean etxean, Zubipe kiroldegiko kantxan. Taldeko arduradunek esan dutenez, «saiatu diren arren», ez dute taldearekin aurrera jarraitzerik lortu, «lehen taldeko jokalari askok ez dute beste denboraldi baterako konpromisorik hartzerik izan». Hala, 45 urteko historiaren ondoren, agur esango du bihar Ormaiztegin eskubaloiak.
Ormaiztegiko eskubaloi taldea 1975-76 denboraldian sortu zen, herriko Basotxulo elkartearen izenarekin. Izen horrekin aritu ziren ormaiztegiarrak, herriko beste elkarte baten izena erabiltzen hasi aurretik: Barduliarrak. 1999-2000 denboraldian sortu zen Ormaiztegi Kirol Elkartea (OKE) udalaren ekimenez, herriko kirol talde guztiak batzeko helburuarekin.
Agurra, bihar Zubipen
2000ko hamarkada izan zen eskubaloi taldearen urrezko aroa. Euskadiko bigarren mailara igotzea lortu zuten eta bederatzi denboraldiz jarraian eutsi zioten. Ormaiztegiarrek herriko taldea agurtzeko aukera izango dute bihar arratsaldean, 20:00etatik aurrera Zubipe kiroldegian, Bergararen aurka jokatuko duten partidan. Udalak egindako ahalegina eskertuko dio taldeari; herritarrei taldea animatzera partidura joateko deia luzatu diete.