«Oso serio ari naiz, eta oso ongi eta indartsu sentitzen naiz etziko borrokarako»
K1 arte martzialean profesional mailan lehiatzen da Aitor Perez ‘Guda’ (Beasain 1989). Euskadiko gerrikoagatik borrokatuko da Iker Kortarekin, etzi, Dulantziko (Araba) kiroldegian, 18:00etan.
Atzera kontaketa bete-betean zaude. Nola zaude?
Oso ongi nago. Profesional mailan badaramat denboratxo bat, honakoa laugarren borroka izango da eta urduritasuna kontrolpean daukat. Gogotsu nago larunbata iritsi eta ring-era igotzeko.
Profesionaletan eta 65 kiloko mailan lehiatuko zara. Ostiralean izango duzue pisua hartzea. Zer moduz zaude zentzu horretan?
Egunotako lanik gogorrena izan daiteke pisu horretan sartzeko elikadurari eustea, baina dena oso ondo doa zentzu horretan ere, zeren pisuan ez naizenez oso goitik ibiltzen, 69 kilogramo inguruan bainabil urte osoan zehar, erraz iritsiko naiz. Gainera, laguntza aparta daukat. Elikaduran aditua den nire anaia Mikelen laguntza daukat. Orain arte, berarekin antolatu izan dut elikaduraren arloa eta oso ondo joan zait.
Entrenamenduaren aldetik, nola jokatzen duzu azken egunotan?
Lan gogorrena eginda dago, eta azken egunotan entrenamendu lasaiagoei eusten diet, asteartean egin nuen azkeneko lan saioa. Gaur berriz, aktibazio lana egingo dut, itzalak, soka-saltoa,… Txisparekin iristea da nire helburua.
Mentalki, nolako lana egiten duzu, horrelako hitzordu batera ondo iristeko?
Bizitza normala egin ohi dut; lanera joan, txakurrarekin bueltatxoa egin,… Lasai egon!
K1 modalitatean badaramazkizu urte batzuk, eta hainbat trofeo ere lortu dituzu amateur mailan.
Wushu Sanda modalitatean eman nituen lehen urratsak, duela 13 urte, Beasaingo Lorea gimnasioan. Hasi eta segituan hasi nintzen konpetitzen, emaitza oso onekin gainera; Espainiako txapeldun atera nintzen bitan, eta hirugarren batean, txapeldunorde izan nintzen. Garai horretan ezagutu nuen, gaur gaurkoz nire entrenatzailea dena. Oso harreman ona egin genuen eta horregatik hasi nintzen K1 egiten. Euskadiko txapelketara joan ginen eta bi urtetan segidan irabazi genuen, amateur mailan, 67 kilogramotan.
Duela bi urte Goiberri aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean esan zenuen, zure helburua ez zela Euskadiko gerrikoa. Zer aldatu da?
Gustuko dudalako egiten dut hau, bizitzeko modu bat da niretzat. Momentu hartan, helburua beste bat zen, ondoren egin dudan lan ona eta sekula baino hobeto sentitzen naizela ikusita, eta orain aukera suertatu denez, aurrera egitea izan da erabakia. Oso-oso serio ari naiz lan egiten eta oso ongi eta indartsu sentitzen naiz, sekula baino gehiago. Momentu honetan, ilusio handia egiten dit gerrikoa lortzeak.
Iker Kortaren aurka arituko zara. Ezagutzen duzue elkar?
Bai, elkarrekin entrenatu dugu. Borroka parekatua izango da, borroka polita aurreikusten dut.