Urretxuko EAJk udal hauteskundeetako programa aurkeztu du
Urretxuko EAJk udal hauteskundeetako programa aurkeztu zuen atzo batzokian. Jon Luquik, Igor Zubillagak eta Maialen Fidalgok hartu zuten hitza.
Gobernura heldu zirenean aurrekontua 8,7 milioikoa zela eta aurtengoa 13 milioikoa dela aipatu zuten. Baita zorrak ordaindu behar izan zirela. “2018an zorrak ordaintzeari utzi genion eta ordutik asko inbertitu dugu. 2019tik 2022ra, ia 8 milioi euro. Kudeaketa onari esker izan da. Gainera, kontsentsuak lortu ditugu”.
Etorkizuneko asmoei dagokienez, tokiko zaintza ekosistema izan zen aipatu zuten lehena. “Asko hitz egiten da biztanleriaren zahartzeaz eta bakardadez. Guk urteak daramatzagu horretarako prestatzen. Gizarte Ekintza arloa indartu dugu, langile gehiagorekin. Eta eguneko zentroko langileen eta etxez etxeko arreta zerbitzuko langileen soldata %13,4 igo dugu. Gure tokiko zaintza ekosistema aitzindaria da eta, hala, Usurbil, Pasaia eta Donostiarekin batera, besteak beste, Zaintza Herrilab egitasmoko kideak gara. Gizarte Ekintza sail indartsua dugu eta, horri esker, Pagoetan adinekoentzako apartamentu tutelatuak egiten ari gara eta Lilibason gazteentzako alokairuzko etxebizitzak”.
Gazteriarekin lotuta, Piztu mahaia martxan jarri dutela gogoratu zuten, “nerabeei entzuteko eta beraien beharrei erantzuna emateko. Horretaz gain, Gazteria Plana egin dugu. Gaztelekua berreskuratuko dugu, gazte guztiek erabili ahal dezaten. Eta Pagoeta gune soziokulturala ireki dugu. Dagoeneko Lurra eta ZU Dantzaz taldeek erabiltzen dute. Aurki, igogailua egingo dugu bertan eta akustika hobetuko dugu”.
Euskarari dagokionez, Euskara Sustatzeko Euskara Plana eta Bikain ziurtagiria dira bide orriak. 2021eko abenduan Urretxuko Udalak zilarrezko Bikain ziurtagiria eskuratu zuen eta urrezkoa lortzeko lan egingo dute. Baliabideei dagokienez, teknikari bera euskaraz eta gazteriaz arduratzearen arrazoia azaldu zuten. “Euskararen erabilera nabarmen jaitsi da, gehienbat gaztetxoen artean. Horregatik da horren garrantzitsua euskara eta gazteria landuko dituen langilea”. Bestalde, euskara erabiltzen duten kirol elkarteei ekonomikoki saritzea erabaki dute.
Aniztasun arloan, udalak teknikari bat kontratatu duela gogoratu zuten. “Horrek egonkortasuna ematen dio departamentuari eta bizi baldintza egoki eta duinak langileari. Gainera, Aniztasun Jaiaren aurrekontua 3.000 eurotik 8.000ra igo da”. Landa eremuan errepideak hobetzen jarraituko dute eta zerbitzu guztiak bermatuko dituzte (zuntz optikoa, ur hornidura…). Merkataritzan, merkatariekin elkarlanean Merkataritza Plana egingo dute. Helburua lehiakorrak izateko erremintak ematea izango da. Gainera, ekainean Ekiola komunitate energetikoa martxan jartzeko lehen pausoak emango direla eta lokal hutsetako batzuk etxebizitza bilakatzeko lan egiten ari direla esan zuten.
Bukatzeko, 2023-2027 legealdian egin nahi dituzten obren berri eman zuten.
-Hegoaldeko sarrera: errepidearen eskumena lortu, Ipeñarrietatik Apariziora doan espaloia berritu, autoen abiadura murrizteko neurriak hartu, gasolindegia egin, Sarralde bota eta enpresak erakarri.
-Urretxu-Antzuola bidegorria: aldundiari erraztasunak eman Baskongadoetako trenbidean bidegorria egiteko.
-Aparizio auzoa: errepidearen aurreko aldea berrurbanizatu, saneamendu sarea eta espaloiak berritu, auzoaren barruko bidea berritu, auzoa Telleriak egingo duen fabrikarkin lotu, auzoaren eta Telleria enpresaren arteko eremuan parke bat egin eta auzoa Kaminpera heltzen den bidegorriarekin lotu.
-Mugitegi: urbanizazio lanekin jarraitu.
-Adif: 300 autorentzako aparkalekua egin.
-Ipeñarrieta-Pagoeta: Pagoeta gune soziokulturalean igogailua egin eta akustika hobetu. Eraikineko erlojua berriro martxan jarri. Aspaceko eguneko zentroa eta adinekoentzako apartamentu tutelatuak egin. Hotelari irtenbidea eman. Aldiri Bi kiroldegia egin.
-Lilibaso: gazteentzako alokairuzko etxebizitzak egin ondoren, kalea urbanizatu.
-Mundo Mejor, Sorginzulo eta Basagasti: 30 autorentzako aparkalekua egin Mundo Mejorren. Bi igogailu egin, Sorginzulo eta Basagasti Labeaga kalearekin lotzeko.
-Gainzuri ikastetxea: 1.100 metro koadroko jolastoki berria egin, haurreskolarentzako irteera egin, futbol zelaia estali eta plaka fotoboltaikoak jarri.
-Labeaga: errepidea asfaltatu, espaloiak berritu eta Labeaga goiko auzoekin lotuko duten igogailuak egin.
-Kalerrota: BMko aparkalekua berritu eta BM eta Labeaga lotuko dituen igogailua egin. Hokabako plazatxotik gertu komun publikoa jarri.
-Iparragirre plaza: garajeetako sarbidea berritu, eliza inguruko zorua berritu eta lokalen alokairua bultzatu.
-San Martin eta Barrenkale: urbanizazio lanekin jarraitu.
-Jauregi-Elizalde: Jauregi kaleko aparkalekuaren eta Elizalderen artean espaloia egin eta Jauregi 23ko atzealdeko espaloia berritu.
-Gurutze auzoa: haurrentzako parkea egin.
-Matxinporta: espaloia eta argiteria berritu eta autoen abiadura murrizteko neurriak hartu.
-Santa Barbarako bidea: aldundiak berritu egingo du, udalari eman aurretik. Basagasti gaineko aparkalekuan kamerak jarriko dira autokarabanen jabeek bertan segurtasunez aparkatu ahal izateko.
-Baserrietako bideak berritzen jarrituko da.
-Ura: udal deposituak lotu, ur gabezia dagoenerako.
-Jasangarritasuna: argiteria berritu (led teknologiaduna jarri) eta udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak jarri.