MENDI MARATOIA. Goierriko lau korrikalariren adierazpenak
Lasterketa gogorra dela diote denek, «errespetua» ematen duela, baina bertan sortzen den giroak eta zaleen berotasunak animatzen ditu parte hartzera Igone Campos zumarragarra, Gari Bravo lazkaotarra, Mayi Mujika urretxuarra eta Unai Aierbe zegamarra.
Iazko edizio borobilaren ondoren, korrikalariak gogotsu daude aurtengo Zegama-Aizkorri mendi maratoirako. Gehienentzat, norbere buruarekin gustura gelditu eta disfrutatzea da helburu nagusia: beste batzuentzat, aurreko edizioetan sartutako arantzaren bat ateratzea ere bai.
IGONE CAMPOS (ZUMARRAGA)
«Maratoiak errespetua ematen du, baina saiatuko gara disfrutatzen»
Iazko edizioa berezia izan zen oso Igone Camposentzat; bertikalean apuntatu, eta azken unean, maratoirako dortsala egokitu baitzitzaion zozketa batean: «Erabat ezustean harrapatu ninduen». Baina horri eta proban egindako denborari esker, aurtengorako dortsala lortu zuen. «Errespetua» ematen duen lasterketa dela dio, baina aldi berean gogotsu dago, Zegama «berezia» baita.
Mendiko eskia eta mendi lasterketak uztartzen ditu zumarragarrak, eta aurten bi denboraldien artean tarte gutxi gelditu zaio. «Eskiko denboraldia duela hiru aste eskas bukatu genuen, eta maratoia ere oso goiz tokatu da». Bizpahiru astetan «ahal den moduan» egokitzen saiatuko da. «Hanketan forma ona daukat, baina eskirako eginda, eta mendi lasterketa bat eta gainera maratoia… oso ezberdina da».
Egokitzapen hori «ahalik eta azkarren» egin nahi du orain, «proban disfrutatu» ahal izateko eta ahalik eta ondoen bukatzeko. «Beldur pixka batekin noa, maratoiak errespetua ematen duelako, baina saiatuko gara proba txukun bat egin eta ahal den neurrian gozatzen».
GARI BRAVO (LAZKAO)
«Sekulako gogoa daukat Sancti Spirituko pasaera eta une horiek bizitzeko»
Bizikleta utzi zuenetik mendi lasterketetan buru-belarri dabil Gari Bravo, eta aurten, betidanik gogoan izan duen erronka bati helduko dio; aurrenekoz egingo du Zegama-Aizkorri maratoia. Proba berezia da harentzat ere, txikitan aitari laguntzera joaten baitzen. «Aitak bi edo hiru ediziotan parte hartu zuen; garai hartan baserritar batek irabazten zuen, pentsa zenbat aldatu den proba».
Zegamak «prestigio eta fama handia» duela dio; horrek eta bertan sortzen den giroak motibatu dute, batez ere. «Sancti Spirituko pasabidearen une hori bizitzeko sekulako gogoa daukat; txirrindularitza munduan Euskal Herriko Itzulian bizi izandakoen parekoa da niretzat».
Neguan zehar entrenatzen aritu da, baina proba honetarako baino gehiago, «sentsazioen arabera». Behin dortsala tokatu zitzaionetik, ordea, «ordu asko» sartu dituela dio. «Astean 100 bat kilometro egin ditut korrika, tartean kilometro bertikalen moduko aldapetan ere aritu naiz, hanketan aldaketa nabaritzeko; Aizkorriko ibilbidea ere bi zatitan egin dut, tramo teknikoak ezagutu…». Azken asteetan asfaltoan ere aritu da, serieak eginez, abiadura lantzeko.
Postuei begiratzen ez badie ere, «nahikoa pikatua» dela dio, eta «exigentea» da bere buruarekin. «Nire buruarekin gustura gelditu nahi dut, baina aurrenekoa izanda, gustatuko litzaidake 4 ordu eta 40-45 minuturen bueltan ibiltzea. Jendeari ezer demostratzeko baino, neure buruarekin gustura gelditzeko».
MAYI MUJIKA (URRETXU)
«Ea aurreko urteetako arantza hori kendu eta disfrutatzerik dudan»
Mayi Mujikarentzat ez da aurreneko aldia izango, dagoeneko ezaguna du proba, bi aldiz osatu baitu maratoia. Hala ere, beti kosta egin zaion lasterketa dela aitortu du. «Ohituta nago distantzia eta desnibel horietara, baina ez dakit etxean delako, nerbioengatik edo zer, baina aurreko bietan nahiko gaizki ibili naiz, disfrutatu gabe». Nahiz eta Zegaman «sekulako giroa» izan, gorputzak behar bezala erantzun ez dionaren arantza hori dauka.
Eta horixe du helburua aurten, «arantza hori kendu eta disfrutatzea». Entrenamenduei dagokionean «probaz proba» joaten dela azaldu du, eta aurten, «denbora hobetzea bai, baina batez ere gorputzak ondo erantzutea» nahiko luke, «eta ea behingoz disfrutatzea lortzen dudan».
UNAI AIERBE (ZEGAMA)
«Boluntario modura ezagutu dut, baina proba egiteko gogoa dut aurten»
Txikitatik ezagutu du Zegama-Aizkorri maratoia Unai Aierbek. Zegamarra izanda, boluntario lanetan aritu da hainbat urtez, mendiko kontroletan. Barrutik ezagutzen zuen proba orain arte, baina «proba egiteko gogoa» ere bazuen, eta aurten izena ematea erabaki du. «Mendian-eta beti ibili izan naiz, baina parte hartzeko kapritxo hori banuen, eta gainera herrikoa izanda, animatu egin naiz azkenean».
Lehen bere kasa jarduten zuen mendian, baina azarotik, entrenatzaile batekin ari da, maratoirako prestatzen. «Astean zehar antzeko errutina daukat, baina asteburuetan karga gehixeago sartu dit».
Aurreneko aldia izanda, «bukatzearekin nahikoa» dela dio Aierbek. «Oso ondo joanez gero, ikusiko da, baina lehen aldian bukatzearekin ere konforme». Ingurukoen animorik ez zaio falta: «Baditut parte hartu duten lagun batzuk, bai horiek eta bai etxekoek, denek eman dizkidate animoak».