ELKARRIZKETA. «Zegamarako euria eta lokatza nahi dut, eta elurra egiten badu, hobeto niretzat»
Bederatzigarren aldiz lehiatuko da Manuel Merillas (Valseco, Espainia, 1991) Zegamako mendi maratoian. Iaz hirugarren izan zen, eta aurtengo edizioa irabazteko hautagai nagusietako bat da. Iganderako iragarrita dagoen giro euritsuak kalte baino mesede egiten dio, euriarekin entrenatzera ohitua baitago. "Eguzkiarekin etxean geratu ohi naiz, ez naiz ateratzen entrenatzera".
Apirilaren 29an Malagan jokatutako Calamorro Sky Race proba sentsazio garratz samarrarekin bukatuta dator Zegamara korrikalari gaztelarra. «Hamahirugarren bukatu nuen, baina gorputzari astindua emanda. Pare bat bero-kolpe izan nituen, eta badakidanez zer den hori, erritmoa jaitsi, gelditu eta arazoak saihestu nituen». Zegamarako hotza, lokatza eta euria nahi ditu.
Egoskortu eta bukatu.
Banekien zertara nindoan. Hoteletik irten eta egiten zuen beroa ikusita… Bezperan kalean ibil zitekeen, baina lasterketa egunean El terral deitzen diotena sartu zen, eta infernua zirudien. Lasterketa uztailean edo abuztuan balitz, egokitze lan hori egiten duzu, baina apiril bukaeran ba… Gu bizi garen herrixkan, La Cuetan [Leongo mendiak], ez gara 10-12 gradutik pasa azken lau-bost hilabeteetan.
Guztiaren oinarrian prestakuntza dago hala ere.
Noski, urtean zeharreko oinarrizko lan hori guztia ere hor dago, eta horrek ere laguntzen dizu horrelako egoera zailei aurre egiten.
Sky Running zirkuituan goian ibiltzea duzu helburu aurten?
Bai, hiru-lau egin behar nituen, eta hau zen aurrenekoa, eta beste hirurak Austrian, Suitzan eta Italian. Calamorro baino luzeagoak dira probak, eta giro freskoagoa egingo duela espero dut. Horiek ondo ateratzen ez badira, Gorbeia Suzien eta Portugalen beste bat egingo dut. Lasterketa horietan ahalik eta sailkapen onena lortzea da nire helburua, eta finalerako sailkatzea.
Eta orain Zegamara arte lasai.
Atseden hartu eta errekuperatu. Bero kolpeek astindu handia ematen diote gorputzari, Orain jan eta edan, eta lasai egon.
Eta zer helbururekin zatoz? Kilian Jorneten faltan faborito garbirik ez dagoela diote batean zein bestean.
Denak hori esaten ari dira, Kilianen faltan irabazteko aukera badudala, baina maila oso-oso handiko lasterkariak datoz. Nire helburua, edo nire nahia, euria egin dezala da, eta euria egiten badu iruditzen zait iazko denboraren bueltan ibil naitekeela. Lokatzarekin korritu nuen azkena 2016an izan zen, gainontzekoak lehorrean izan dira.
«Iazko lehen biek egin zuten denbora astakeria bat da, beste mundu bat»
«Aurten desnibelean zentratzen ari naiz, eta iaz baino hobeto sentitzen naiz»
Zenbatgarrena duzu?
Oker ez banago bederatzigarren aldia izango da. Lehenengo lauretan lokatza zegoen denetan, eta azkeneko lauretan arrastorik ere ez. Donostian bizi nintzenean denbora askoan eguzkia ikusi gabe pasatzen nuen, udan ere euria egiten zuen urtero. Zegamarako euria eta lokatza nahi dut, eta elurra egiten badu, hobeto niretzat. Ingurukoek esaten didate txoratuta nagoela, baina entrenamendu gogor eta luzeenak egunik euritsuenetan egiten ditut, eta egun eguzkitsuetan atseden hartzen dut.
Iaz hirugarren sailkatu zinen, baina postu hobea lortua zara 2015ean, bigarren.
Europako txapelketa zen. Kilian ere etorri zen. Tadei Pivk italiarrak irabazi zuen. Podiumean bitan izan naiz, eta laugarren beste bitan edo hirutan. Aurreneko aldian, berriz, hogeigarren postutik atzera: 4:24 egin nuen.
Nola planteatu ohi duzu Zegamako maratoia? Iaz behetik gora egin zenuen sailkapenean.
Lasterketaren arabera. Iaz nik buruan nuen planari jarraitzea erabaki nuen. Banekien lan ona eginda nindoala, baina horixe, 6. kilometroan hogeigarren postutik atzera nindoan. Karreran bertan ez nekien hori, gero, korrikalariak aurreratu ahala jabetu nintzen atzera samar nindoala. Lehen biekin, berriz, harrituta geratu nintzen. Nik aurreko errekorra nuen buruan, eta 30 segundora geratu nintzen, baina beste biek egin zutena astakeria bat izan zen, beste mundu bat.
Nolako korrikalaria zarela esango zenuke?
Urteak daramatzat esaten ez naizela mendi lasterkari bat sentitzen, baizik eta mendian azkar ibiltzea gustatzen zaion mendizale bat, tontorrera azkar igo eta jaitsi. Horiek dira nire serieak, ez da ohikoena izango, baina halakoa naiz. Aurten entrenatzeko modua aldatu dut. Iaz kilometroak, serieak eta erritmo aldaketak egiten aritu nintzen, eta aurten desnibelean zentratzen ari naiz, eta egia esan, iaz baino hobeto sentitzen naiz. Ea Zegaman ez dituen 35 gradu egiten!
Eta ia beti Zar zure zakurra lagun duzula.
Hori da. Ez du kalerik egiten ez!