ELKARRIZKETA. «Euskal zaleekin elkartzeko eguna da niretzako orain Zegama»
Eskarmentuak ematen duen ikuspegiarekin hitz egiten du mendi probetan darabilen jardunaz Oihana Kortazarrek (Elgeta, 1984). Orain hamarkada bat bitan irabazle izana da. Zoru lehor eta giro epela nahiago badu ere, euriak eta lokatzak euskal korrikalariei mesede egin dakiekeela nabarmendu du.
Golden Trail Serietako Zegama-Aizkorri, Mont Blanceko maratoia eta Sierre Zinal, eta Munduko eta Europako Txapelketak dira elgetarrak aurten korrituko dituen lasterketa aipagarrienak, baina gustuko du baita ere bigarren mailakoetan lehiatzea. «Nahiago dut denboraldi guztia amaieran baloratzea, eta ez bi helburutan zentratzea, hori nahiko azalekoa iruditzen zait».
Zer da Zegama zuretzat?
Niretzako Zegama batez ere euskal zaleekin elkartzeko eguna da, lasterketa edo txapelketa batetik haragoko zerbait. Orain urte batzuk lasterketa garrantzitsu bat bezala ikusten nuen gehiago. Orain ez dut Zegama prestatzen, ondo ateratzen bada ondo, baina gehiago da euskal zaleekin elkartzeko eguna.
Aurten Salomonen training camp bietan aritu zara, emakumezkoetan zein mistoetan. Probaren enbaxadore modura ikusten duzu zure burua?
Ez dut uste. Kanpokoek igoal horrela ikusiko naute, baina jende asko dago ni baino gehiagotan egin duena Zegama, Maite Maiora ere hor dago emakumezko euskaldunen artean errekorra duena. Camp hori Salomonek antolatzen du, eta nik parte hartu dut Salomon taldean nagoelako. Antolatzaileen oiniritziarekin egiten da, eta Goierri ezagutarazteko ere baliatzen dugu.
Aipatu duzu ez duzula bereziki prestatzen maratoia. Zer helbururekin zatoz aurten?
Hori esango dut bai, baina oraintxe Aizkorritik jaitsi berria naiz [aurreko asteartean egindako elkarrizketa da]. Nire buruaren zati batek esaten du Zegama jada ez dudala hartu behar horren lehiakor eta gozatzeko egun bat izan behar duela, baina bestalde presio handia eragiten didan egun bat da. Nahiz eta nik ez nahi, inkontzienteki, nik neuk presio handia jartzen diot nire buruari, badakidala jende asko dagoela han jarraitzen nauena, eta hortaz, horiek nitaz harro sentitzea nahi dut.
Eta nola prestatzen duzu?
Egiten ez dudana da orain urte batzuk egiten nuena: Zegama-Aizkorriko ibilbidean jo eta su entrenatzen ibili. Hortik aurrera, orain arteko lasterketetan eta entrenamenduetan egiten dudan lanean jartzen dut konfiantza. Horrelako estrategiak erabiltzen ditut nire buruari presioa kentzeko. Egun polit bat izatea nahiko nuke. Bi ediziotan irabazi dudanez ematen du kapaza izan behar naizela berriz ere irabazteko, baina pasa den urtean egin nuen Zegamako nire denborarik onena 8. postua eginda. Gauzak asko aldatu dira, sekulako maila dago gaur egun, eta kontziente izan behar gara zein den norberaren lekua.
Eta zer emaitzarekin konformatuko zinateke?
Zegama izan edo beste edozein lasterketa izan, ez diot nire buruari esaten horrenbeste denboran egin nahi nukeenik eta horrelako gauzak. Mendian oso zaila da hori, eguraldiak asko baldintzatzen duelako. Zer gustatuko litzaidakeen? Lehen neska euskalduna izatea, lehen hamarren artean bukatzen badut bikain, eta iazko denboraren inguruan ibiltzea.
«Trail mundua asko aldatu da. Ilusioarekin jarraitzen dudala da mantentzen den bakarra»
Eguraldia aipatu duzu.
Aukeran nahiago dut lehorra egotea, eta tenperatura, epeletik gora. Hori da egoerarik onena nik korrika egiteko. Baina egia da, korrikalarien jatorriaren arabera, asko direla lokatzetan ondo moldatzen ez direnak, eta orduan euskaldunon onerako da lokatza egotea.
2011n eta 2012an Zegaman irabazle izan zinen. Harrezkero hamarkada bat pasa da. Zertan aldatu da zara denbora tarte horretan?
Trail mundua asko aldatu da, eta nire entrenatzeko modua, nire errendimendua… hori ere bai. Mantentzen den bakarra da ilusioarekin jarraitzen dudala.
Hala ere, oraindik lehiakorra zarela nabaria da, lasterketak irabazten jarraitzen duzu.
Bai, bai. Nik neure buruari zer esaten diodan entzuten dut, eta gero zer egiten dudan askotan ezberdina da. Dortsala janzten dudanean, nahiz eta jakin ez naizela kapaz izango nahiko nukeen denbora eta postua lortzeko, saiatu saiatuko naiz. Era berean, emaitza ez bada ona, frustrazio edo haserre momentu horiek kudeatzen jakitea ere lasaigarria da niretzat. Lasterketetan aldaketa asko izaten da, baina kontziente izan behar zara egin duzunarekin. Pozik gelditu eta kito.