Gazteentzat eta kolektibo zaurgarrienentzat babestutako etxebizitza da Legorretako EAJren hautagaitzaren lehentasun nagusia
Aitziber Meabe Legorretako EAJren alkategaiak, Eider Mendozaren Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaiaren babesa izan du, besteak beste.
Udal eta foru hauteskundeetako kanpainaren bigarren eguna da gaur, eta Legorretako herriko plazan, EAJren hautagaitzaren aurkezpena egin dute eguerdian. Aitziber Meaba alkategaiarekin batera izan dira, haren lan taldeko kideak, emakumeak guztiak, eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izateko EAJren hautagaia eta Olatz Peon Oria bailarako zerrendaburua. Ekitaldian izan dira, Goierriko EAJko alkategaiak, beste hainbat herritarrekin batera ere.
Aitziber Meabe alkategaia izan da hitza hartzen lehena. “Udaletxea lozorrotik ateratzeko beharra” ikusten du, azken agintaldietako “inertziak aldatzea” beharrezkotzat jo du.
Meaberen ustez, “udal gobernua ez dago herriaren mailan”, eta agintaldi berrian, “atzean geratu diren arloak suspertu beharra daude, hala nola, babestutako etxebizitzak, industrialdea, kirol ekipamenduak (gimnasioa, igerilekua), tren geltokia eta erdigunean geratzen den, errepide zaharraren ordez, saihesbide berria” proposatu ditu.
Alkategaiarentzat, Legorretak duen lehentasun nagusia da, “gazteak emantzipatzeko eta kolektibo zaurgarrienei begirako babestutako etxebizitzak”. Gogoratu nahi izan du, EAJk udala gidatu zituen 16 urteetan “42 babestutako etxebizitza” egin zirela; “EH Bilduk agindu duen bitartean berriz, babestutako etxe bakar bat ere ez da egin”.
“Aurrera egitea ala iraganera itzultzea dago jokoan”
Eider Mendozak hartu du hitza jarraian eta datorren maiatzaren 28ko hauteskundeen garrantzian jarri du azpimarra. Haren hitzetan, “Gipuzkoak azken zortzi urteetan aurrera egin du, eta horren adibide da langabezia erdira jaitsi izana edota industrian 2015 urtean baino 10.100 langile gehiago izatea. Iraganean, Gipuzkoa paralisira eraman zuten arazoak gainditu ditugu, eta orain, etorkizunera begira dagoen lurraldea gara “. Hori horrela, maiatzaren 28ko hauteskundeetan “aurrerabide horretan jarraitzea, edo iraganera itzultzea” dago Mendozaren iritziz, eta hauteskundetan parte hartzera deitu ditu herritarrak, “etxean geratzeak ez baitu ezer konpontzen”.
Mendozaren esanetan, “EAJk sinesgarritasuna du, hamarkadaz hamarkada herri honen ongizatea eraikitze egin duen lanagatik. Gure aurrekoek lan handia egin dute eta gauden tokiraino ekarri gaituzte. Orain guri dagokigu ardura hori hartzea. Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Legorreta, Tolosaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”. Horri lotuta, “belaunaldi berriak emakume aurpegia duela, batez ere Legorretan”, gaineratu du, Legorretako hautagaiei begira. Une hori baliatu du, Aitziber Meabe eta bere taldearen “lanerako eta kudeaketarako gaitasuna eta lankidetzarekiko borondatea” balioan jartzeko. “Legorretak aurrera egitea merezi du, eta horretarako pertsonarik aproposena Aitziber Meabe da. Ez dizue hutsik egingo”, borobildu du.
Izaskun Zubeldiari aitortza
Gaurko ekitaldian, Izaskun Zubeldia alderdikideari omenalditxoa egiteko ere tartetxo bat hartu dute. Azken agintaldietan EAJren zinegotzia izan da Zubeldia eta urteotan izandako prestutasuna eta konpromisoa eskertu nahi izan diote.