JUNIOR TRAILA. Inoizko gazte kopururik handiena
Next Gen Serietako bi probetatik lehena izango da aurten Zegamako XII. Junior traila. Gazte askok eman du izena. Manex De Prado, Ugutz Sudupe, Xabier Barandiaran, Aratz Diaz de Espada eta Telmo Iturbe dira parte hartuko duten goierritarretako batzuk. Bihar goizean jokatuko da.
Salomonek Next Gen Project izeneko egitasmoaren barruan (gazteei trailaren mailarik gorenenera modu osasungarri eta iraunkorrenean iristen laguntzeko proiektua), aurten Next Gen Series sortu du. Lehena igandean da Zegaman, XII. Junior Traila, eta bigarrena urriaren 8an Olla de Nurian , Gironan.
Arrazoi hori dela edo ez dela, aurten sekula baino gazte gehiagok eman dute izena, 88k. Horietatik 42 Euskal Herrikoak dira (zazpi Goierrikoak), eta beste gainerako gehienak Herrialde Katalanetakoak.
Etxekoa, berezia
Goierritar gehienek «etxeko proba» bezala ikusten badute ere, Zegamako gazteentzat proba berezia da. «Herriko karrera bat da, txiki-txikitatik ikusi dudana», dio Manex De Pradok. «Nire osabak hartu izan du parte, eta gertutik bizi izan dut beti. Nire helburua bukatzea da».
Ugutz Suduperentzat ere, «bertakoa izanda eta txikitatik ezagututa, harro sentiarazten» duen lasterketa da. Lehen aldia du: «Iaz apuntatu nahi izan nuen, baina adinagatik ezin izan nuen». Ibilbidea ezagutzen du, eta helburu bezala «ordubetetik jaistea» jarri dio bere buruari.
Xabier Barandiaran ere zegamarra da, eta aitak urtero parte hartzen duenez, oso gertutik ezagutu du maratoia. «Junior traila ez horrenbeste, baina maratoia bai». Izena eman zuenetik, ibilbidea probatzeko aukera izan du, eta «zirkuitu polita» dela dio. Gainera, «ezagun asko» aterako dira, eta horrek ere berezi egingo du.
Orain arte bere kasa aritu izan da entrenatzen, baina «orain euskal teknifikazio talde batean» hasi da: «Denok batera ibiltzen gara, eta hilero egiten ditugu entrenamenduak, Zegaman bertan ere egin dugu bat». Helburuei dagokionean, «aitak gozatzeko» esaten badio ere, berak «denborari gehiago» begiratzen dio, eta «ordubetez azpitik, 56 bat minuturen bueltan» bukatzea du helburu. «Gero badut beste erronka bat, badauzkat bi lagun aterako direnak, Ugutz Sudupe eta Unai Eguren, eta horien aurretik bukatu nahi nuke».
Giroaz gozatzeko nahia
Lehen aldiz parte hartuko dute Aratz Diaz de Espada urretxuarrak eta Telmo Iturbe zumarragarrak. «Trail lasterketak egiten hasi nintzenetik izan dut bertan parte hartzeko gogoa», adierazi du Diaz de Espadak. Helburu nagusia «lasterketa bukatzea» dela dio, baina «postu on bat lortzea» ere gustatuko litzaioke.
Telmo Iturbe aurten hasi da trail probetan konpetitzen, eta horrenbestez, aurreneko aldia izango du Zegaman. «Nire lehen aldia denez, helburua sentsazio onekin bukatu eta hango giroaz disfrutatzea da, eta posible izango balitz, postu on bat lortzea».
JUNIOR TRAILA 2023
FITXA TEKNIKOA
- Eguna. 2023ko maiatzaren 14a.
- Irteera-helmuga. Plaza.
- Irteera ordua. 10:30.
- Distantzia. 10,4 kilometro.
- Gorako desnibela. 505 metro.
- Beherako desnibela. 511 metro.
- Gehieneko altuera. 735 metro.
- Gutxieneko altuera. 296 metro.
- Gehienezko kopurua. 100.
AZKEN ZORTZI EDIZIOETAKO IRABAZLEAK
2013
Juan Jose Rodriguez 47:46
Olatz Unanue (Arama) 1:01:09
2014
Abel Cuadrench 48:08
Leire Fernandez 52:27
2015
Jan Margarit 45:08
Leire Fernandez 54:49
2016
Daniel Osanz 46:30
Lide Urrestarazu (Ordizia) 55:27
2017
Nikolas Molina 46:04
Ane Iturria 58:46
2018
Nikolas Molina 44:59
Ane Iturria 1:00:22
2019
Gontzal Murgoitio 45:52
Laia Gonfaus 57:50
2022
Marcos Villamuera 43:55
Martina Gonfaus 58:03