"Ordizia, Goierri eta Gipuzkoa irabaziko ditugu" esan du EH Bilduk Ordiziako ekitaldian
Ordiziako Plaza Nagusian indarrak batu ditu EH Bilduk. Bertan izan dira Adur Ezenarro Ordiziako alkategaiarekin batera, bere lan taldea, Goierriko alkategaiak, Maialen Iriarte Gipuzkoako Ahaldun Nagusi kargurako hautagaia, eta Mertxe Aizpurua kongresuko bozeramailea, besteak beste
Udal eta foru hauteskundeen bigarren egunean, Ordiziako Plaza Nagusia bete egin dute EH Bilduko bilkideek. Maiatzaren 28ko hauteskundeetara begira indarrak batu nahi ditu EH Bilduk, eta hain zuzen ere, indarra eta ilusioa erakutsi dituzte ekitaldian parte hartu duten hautagaiek. Ordiziako alkategai Adur Ezenarrorekin batera izan dira, bere lantaldea osatzen duten herritarrak bakarrik ez, baita Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramailea, Maialen Iriarte Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia, Laida Begiristain Oriako hautagaia, Goierri osoko alkategaiak, eta beste hainbat eta hainbat ordezkari, publikoan izan diren hamarnaka herritarrekin batera.
Hain zuzen ere, Ezenarrok berak ongi azpimarratu duen moduan “ordiziarron ikurra” den Plaza Nagusian egin dute ekitaldia. “Ordiziarron nortasuna eraiki duen azoka, baina baita Goierriko bailararena ere”, azpimarra egin du.
Bukatzear dagoen legealdiari errepaso eginez, Ordiziako EH Bilduk “ez egonkortasunari aurre egitea lortu” duela adierazi du Ezenarrok; “aurre egin diogu pandemiari, eta baita krisi ekonomikoari, seriotasunez, auzolanean eta batez ere, pertsonak erdigunean jarriz”.
Etorkizunera begira ere jarri da EH Bilduren alkategaia. “Etorkizuneko erronkei erantzuteko bideorria finkatu dugu, Ordiziako 2030 Ekintza Planean jasota daude, zeinak Bilbon edo Getxon aitortza jaso duen”. 2030 Ekintza Plana 2021eko uztailean aurkeztu zuten, eta 24 helburu lortzeko, 210 ekintza zehatz jasotzen ditu. Horietatik “56 burutu dira, 83 martxan daude dagoeneko, alegia %66,20 gauzatu dira edo gauzatze bidean daude”, gogoratu du alkategaiak.
Gogoratu du ere, “egindako lanaren emaitza” direla Next laguntzak lortzeko norgehiagokan ia “4 milioi euro” lortu dituztela, “proiektu serio eta landuak aurkeztu ditugulako”.
Hurrengo lau urteetan ondoan izango duen lantaldearen inguruan ere hitz egin du Ezenarrok, talde “sendo eta prestatua” duela nabarmendu du, “ezarritako helburuak lortzeko, ekintzak gauzatzen jarraituko duena, ordiziar guztiek euren bizi proiektua, elkar hezten eta zaintzen duen komunitate, euskaldun, inklusibo eta jasangarrian, baina baldintza duinetan eta aukera berdintasunean garatzeko baliabideak izan zitzaten”.
Hurrengo lau urteetarako proiektuak ere zerrendatu ditu Ordiziako EH Bilduren alkategaiak; gazte eta adinekoen ongizatea, irisgarritasuna hobetzea, lehen sektorea indartzea, energia trantsizioan urratsak ematea, industria errotzea, turismoa indartzea, ingurumena babestea, hezkuntza eta kultura sustatzea dira Ordiziako EH Bilduren gidalerroan dauden gaiak.
“Irabaztera goaz”
Maialen Iriartek, Gipuzkoarentzat bai Ordizia, bai Goierri ezinbestekoak direla nabarmendu du, “Gipuzkoaren bihotza den eskualde hau taupada da herri honentzat. Taupada abertzalea, euskaltzalea, landa eremua eta industria elkarlotuta etorkizun oparoa erdigunean jartzen dituen taupada”.
Adur Ezenarrok eta haren lan taldeak azkeneko urteetan egindako lana goraipatu du Iriartek, eta ez du zalantzarik izan esaterakoan, horrek guztiak bere fruituak izango dituela; “maiatzaren 28an, Ordizia, Goierri eta nolaz ez, Gipuzkoa irabazi egingo ditugulako”.
Iriartek aitortu duenez, “motibatzen nau herrialdearen erantzukizuna nire gain hartzea”, eta bi eskari egin dizkie Ordiziako Plaza Nagusian zeuden denei; 2Konfidantza gure indarretan eta irundarrak konbentzitzeko egin dezagun lan geratzen diren 13 egunetan. zabaldu giro hau zuen inguruan”, animatu ditu bertaratu direnak.
“Jendea zaintzeko, lurra zaintzeko, segurtasunak emateko, feminismotik, inkonformismotik jendea konforme bizitzeko. Inkorformismotik herri honek bere etorkizuna erabakitzeko. Jende askea, jende librea, herri librea, nahi ditugu”, borobildu du Iriarte bere hitz hartzea.