Daniela Oemus alemaniarrak irabazi du emakumezkoetan, ezustekoa emanda
Goi mailako mendi ultratrailetan lehenbiziko garaipen sonatua lortu du 34 urteko korrikalariak. Caitlin Fielder zeelandaberritarra eta Theres Leboeuf frantziarra sailkatu dira ondoren.
Mendiko lasterketetan ezusteko garaipena lortu du Daniela Oemus alemaniarrak. Munduko serieetan lehen ere parte hartua zen arren, eta Zegamara faborito zerrendatik kanpora etorrita zegoen arren, nagusitasun osoarekin jantzi du emakumeetako txapela.
Erdibiderako hartu du lidertza, ordura arte erritmoa jartzeaz arduratu den Miao Yao txinatarra gaindituta. Lehen erdi bikaina egin badu ere, hustu egin da bigarrenerako Yao. Oemus Aratzen 3. pasatu bada, Aizkorrin dagoeneko (22.km) lehenbiziko postuan igaro da. Handik aurrera, 3-4 minutuko aldea mantendu du atzetik zetozenekiko.
Bitxikeria ere utzi du Oemusek. Helmugako marra gainditu duenean, ez zekien irabazlea bera zenik. Erreferentziarik gabe korrika egin du 15. kilometrotik aurrera. Goialdeetako laino itxiak eragotzi du bestelako posizioak ikustea.
Bigarren Caitlin Fielder zeelandaberritarra helmugaratu da, eta hirugarren Theres Leboeuf. Beste behin, bere zigilua utzi du Oihana Kortazar elgetarrak ere. Zazpigarren izan da helmugan 2011ko eta 2012ko garailea. Txapeldun izandako beste bi korrikalari ere atera dira emakumeetan, gaur, Kortazarrez gain: Azahara Garcia de los Salmones (2015eko irabazlea) eta Eli Anne Dvergsdal (2019).
Sailkapen nagusia emakumezkoetan:
1. Daniela Oemus (Alemania), 4:31:54
2. Caitlin Fielder (Zeelanda Berria), 4:34:04
3. Theres Leboeuf (Suitza), 4:37:41
4. Sylvia Nordskar (Norvegia), 4:43:57
5. Blandine L’Hirondel (Frantzia), 4:48:32