Erroten egunean Errotatxora bisita gidatua egin dute
Gipuzkoako Erroten eguna dela eta Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotara bisita gidatua egin dute.
Gipuzkoako Erroten eguna da gaurkoan eta hau aitzakia hartuta, Goierriko zenbait errotatan ekintza desberdinak egin dituzte gaurkoan, hala nola, Ataunen, Araman, Zerainen, Brinkolan eta Mutiloan. Ataunen dozena bat pertsona gerturatu dira San Gregorio auzoko Larruntza errotara. Bertan bisita gidatua egin dute, goizeko 10:00etan.
Joxemiel Barandiaran museoan dago Larruntza errota eta zerrategiarekin eta errotatxoarekin batera, monumentu multzoa osatzen du. Bisita gidaturako museoko atean elkartu dira guztiak eta euria goian-behean aritu arren, errotak ikustera joan dira, aterkiak eskuetan eta berokiak soinean. Lehenik eta behin Barandiaran museotik errotarako bidean dagoen zubian geratu dira. Bigarren geldialdia, errotaren sarreran egin dute, inguruan zutena ikusiz eta zenbait azalpen entzunez. Ondoren, zerrategira sartu dira bisitariak. Bertan, zerrategiaren historiaren inguruko zenbait kontu kontatu dituzte eta honen funtzionamendua azaldu dute. Jarraian, Errotatxoa ikustera joan dira. Errota martxan jarri eta honen funtzionamendua ikusi dute, izan goiko aldetik zein beheetik, ibai ertzetik.