Manuel Merillas espainiarrak irabazi du 22. Zegama-Aizkorri
Andraiztik behera irauli du gizonezkoen lasterketaren burua, eta Elazzaoui marokoarrarekin buruz buruko estua jokatuta irabazi du Zegaman, bere 7. partaidetzan. Jonathan Albon ingelesa sailkatu da hirugarren.
Manuel Merillasek zazpigarren partaidetzan irabazi du Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Euri jasek eta lokaztiek zaildu dute 42 kilometroko ibilbidea, eta neurria egoki hartu dio espainiarrak. Andraitz gainean bigarren pasatu da, Elhoussine Elazzaoui marokoarrarekin batera, aurretik Jonathan Albon ingelesa zutela. Baina jaitsieretan ere maisu dela erakutsi du Merillasek, eta azken kilometroetan segundo batzuk –27 azkenean– aterata, Zegamako helmuga marrara bakarrik iritsi da.
Gizonezkoen lasterketan hiru izen nagusi izan dira gaur. Lehenbizi, Remi Bonnet frantziarrak (2018ko garailea Zegama-Aizkorrin) hartu du buruzagitza, eta Aizkorri gainean (22. kilometroa) bera igaro da lehenengo, 2:14:42 orduko denboran. Eguraldi baldintzengatik ibilbidea moztu behar izan du antolakuntzak, ordea. Aizkorriko gailurreria zeharkatu beharrean, gurutzetik behera Arbelarrera zuzenean jaitsarazi dituzte. Eta han irauli da maratoia.
Urbiako zelaietan Jonathan Albon ingelesa igaro da, Elazzaouirekin batera, aurreneko postuan. Pkemoi keniarra ere artean aurrean zen, hirugarren, eta laugarrenera igota zetorren Merillas, 38 segundora. Albonek ere beherantz galdu du lidertza, Andraiztik Oazurtzara bidean. Atzetik aurrera, indarrak ezin hobeto neurtuta etorri den Merillasek, eta une oro aurrealdeko postuak galdu gabe ibili den Elazzaouiren artean erabaki da txapela.
Sailkapen nagusia gizonezkoak:
1. Manuel Merillas (Espainia), 3:42:01
2. Elhoussine Elazzaoui (Maroko), 3:42:28
3. Jonathan Albon (Britainia Handia), 3:45:01
4. Remi Bonnet (Suitza), 3:48:19
5. Robert Pkemoi (Kenia), 3:49:25
Lehenengo euskal herritarra Aritz Egea urretxuarra izan da, 4:05:18 orduko denborarekin. Bigarren euskalduna Borja Zubizarreta azkoitiarra helmugaratu da, Egearengandik oso hurbil (3 segundo soilik), eta taldekidea Domusan. Orokorrean, Kilian Jornetek iaz jarritako errekorretik (3:36:40) 6 minutura sailkatu da Merillas.
Merillas duela 10 urte iritsi zen, lehen aldiz, Zegamara, 2013an. Podiumean sartu da hainbatetan, orain arteko sei ekitaldietan.
Aritz Egea: “Helburua gozatzea zen, eta ikaragarri gozatu dut. Jendearekin hunkitu ere egin naiz, urtetik urtera gehiago animatzen nautela iruditzen zait. Egia esan, oso ondo ulertu gabe zergatik. Maitatua sentitzen naiz.
Euritakoa eta eskularruak jantzi, eta zaindu dut berotasuna ez galtzea. Ondo, Zegaman ezin da askoz gehiago eskatu. Gailurreria kentzea logikoa zen, eta eskertzekoa gurekin pentsatu izana. Helmugara iristea sari aparta da. Datorren urtean, ea Domusa lasterketatik tarte gehiago uzten duten errekuperatzeko, eta lehiatzeko moduan etortzen naizen.
Fisikoki, hasieran ezin estutu, bukaeran, 3 kilometroren faltan karranpak izan ditut, eta batzuek pasatu naute. Lehenengo euskalduna, zahartzen ari naiz, baina atzekoek ez naute harrapatzen. Hamargarrena egingo dugu dagoeneko [9. partaidetza izan du aurten], seguru, eta korrika jarraitzen dudan bitartean, etorriko naiz. Hemen bezalako sentimendurik inon ez dugu izaten, eta zorionak antolatzaileei eta publikoari”.
Lehenbiziko zegamarra, berriz, Beñat Katarain izan da helmugan. 4:20 orduren azpitik iritsi da. Hunkitu egin da Katarain, “sentimenduzko” lasterketa delako berarentzat. Antolakuntzaren lana eta herritarren borondatea txalotu ditu. 18 herritar irten dira gaur Zegama-Aizkorri maratoian lehiatzera.
Goizeko bederatzietan 538 korrikalari irten dira, euri jasaren pean. Aizkorriko gailurreria ezabatu dute antolatzaileek, hasi aurretik. Sentsazio termikoa 3-4 gradukoa zen goian, eta euriak arriskutsu bihurtu du harrartea. Jaitsierak, hala ere, oso irristakor suertatu dira.
Iazko errekor urtean baino gutxiago, baina ikusleek multzoan erantzun dute aurten ere. Santispirituko igoeran eta Aizkorriko tontorrean, batez ere, ohiko jende-korridoreak sortu dira.