Josetxo Mujika: "Zumarragako banderarekin atera izan banintz, ez zuen inork ezer esango"
Bere adinekoen munduko triatloi txapelketa irabazi du eta podiumean ikurrina kentzen saiatu dira
Josetxo Mujika zumarragarrak bere adinekoen munduko txapelketa irabazi du Ibizan. Podiumera ikurrinarekin igo zen eta antolakuntzako lagun bat ikurrina kentzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. “Beti euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde egon naiz eta Zumaiako triatloian ofizialtasunaren alde egin zen agerraldian parte hartu nuen. Munduko txapelketan Espainiako jantziarekin parte hartzera behartu gintuzten, baina ondoren erreibindikazioa egitea erabaki nuen. Sari banaketa igande gauean izan zen, Pacha dantzalekuan. Herrialde askotako jende asko zegoen. Nazioarteko Federazioko lehendakaria espainiarra da. Bera han zegoen, baita Espainiako Federazioko lehendakaria ere. Sekulako protokoloa zegoen. Nire mailan, gainontzekoak ere beraien herrialdeetako banderekin igo ziren podiumera. Zer gertatuko zen banekienez, ikurrina poltsikoan eraman nuen. Podiumera igo nintzenean, ikurrina atera nuen. Ikusleen artean lagunak nituen eta grabatzeko esan nien. Ikurrina zabaldu nuenean, jendea txaloka hasi zen. Baina berehala morroi bati niri ikurrina kentzeko agindu zioten. Hasi zen, baina ez nion utzi. Ibizako alkatea ari zen sariak ematen. Saria ez emateko esan zioten, baina eman egin zidan. Espainiarren batek txistu egin zuen, baina ez zen ezer gertatu. Zumarragako banderarekin atera izan banintz, ez zuen inork ezer esango”, azaldu du.
Horra hor ekitaldiko bideoa.