Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren bi ikusle zauritu dira hamar metroko erorikoa izanda
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 13:00ak aldera izan da ezbeharra Aizkorriko gailurretik gertu. Zauritu larriena Donostiako Ospitalera eraman dute, eta bestea Zumarragakora.
Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren bi ikusle zauritu dira gaur Aizkorriko gailurretik gertu izandako eroriko baten ondorioz. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, 13:00ak baino minutu batzuk lehenago SOS Deiak-era deitu du norbanako batek bi emakumezko amildu direla esanez. Bata konorterik gabe zegoen, bestea buruan zauri batekin.
Antolatzaileekin harremanetan jarri eta gero, Ertzaintzako, Gurutze Gorriko eta Suhiltzaileetako kideak abiatu dira erreskatea egitera. Zaurituak zeuden tokira iritsita, Sancti Spiritura jaitsi dituzte ohatiletan, eta handik Gurutze Gorriaren lur-orotakoetan anbulantziak zeuden tokiraino eraman dituzte.
Zauritu larriena Donostiako Ospitalera eraman dute, eta bestea Zumarragakora.