"Etorkizunean ere, orain arte erakutsi ditugun modu eraginkorrak eta balioanitzak mantendu eta indartzen saiatuko gara"
Itsasondoko alkatea da Iñaki Aizpuru, eta EH Bilduren alkategai aurkeztu da berriz ere. "Gazteen erreleboa gertu" daukan arren, "pozik eta gogotsu" ekingo dio oraingoan ere.
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Etorkizunean ere, orain arte erakutsi ditugun modu eraginkorrak eta balioanitzak mantendu eta indartzen saiatuko gara. Azken hamarkadetan Itsasondoko Udala itsasondotarren elkarlanerako eta elkarbizitzarako gero eta egokiagoa izan behar duen baliabide baten osaketan saiatu da EH Bildu eta bide beretik tematuta jarraituko dugu.
Denon ametsekin bilakatu nahi den herriartea posible egiteko, beharrezkoak zaizkigun giza-baliabideak eta aukera ekonomiko-sozialak eskaintzen jarraituko duen instituzioa izatea nahi dugu Udala. Horretarako aurkezten gara oraingo honetan ere.
Zein izango dira proiektu nagusiak?
Udalaren martxa eta proiektuak hiru lantaldeetan jorratzen badira ere, nagusienak elkarrekin osatu beharrekoak gertatzen dira. Pentsatu bestela eskuartean dugun lehenengoarekin: eskolako eraikin berria. Herri-bizitzako lantaldeak, guraso elkartearekin batera, orain 20 urte hasitako proiektua, datorren urtean martxan jarri eta burutuko da. Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak, hirigintzako teknikari eta lantaldeko partaideak, udaleko administrariak,…, denak derrigorrezkoak izan dira aurki erabiltzeko moduan izango dugun eskola berria lortzeko. Eta nola ez, Eusko Jaurlaritzan aurkitu dugun laguntasuna ere ezin ahaztu.
Gauza bera gertatzen da hurrengo legealdian eskuartean edukiko dugun erronka handienetako batekin, etxebizitza eskuragarriak behar duten guztiei eskaintzea. Zaharkituta dagoen etxebizitza multzo handi bat dugu, irisgarritasun arazo larriekin, eraberritu beharreko auzoak, emantzipatu nahi duten gazteak,…, badago zeregina eta, honetan ere, denon esku-hartzea ezinbestekoa gertatuko zaigu.
Hirugarren atal bat ere aipatu gabe ezin utzi, Itsasondo aitzindari baita ingurumena babesteko hainbat arlotan. Itsasondon eratu berria da energia berriztagarrien komunitatea, HITZAR izenburuarekin, eta lehenengo instalazio fotovoltaikoaren eraiketa martxan dago. Hondakinen kudeaketari dagokienean, Itsasondo aintzindari izan da materia organikoa hondakin izatetik baratzetako ongarri bihurtzen. Eta natura ondarea zaintzeko, udalerriko inguru egokienak herri-ondasun bihurtzen dozena bat urte daramagu, gero eta arrakasta eta oihartzun handiagoarekin.
Zu berriz aurkeztuko zara. Nola ikusten duzu zure burua?
Aipatu ditugun proiektu batzuetan nabaritu daiteke zein epe luzeak behar izaten diren bururatzen direnetik gauzatzen diren arte. Udalak dituen ahalmenak ez dira behar adinakoak izaten eta honek denboran luzatzea erakartzen du. Suertez lehendik lan asko egina zegoenez, hainbat proiektu burutu ahal izan dira azken urte hauetan, baina beste hainbeste geratzen dira martxan eta berriak ere etorriko dira dudarik gabe. Horregatik, ingurukoen ilusioa eta lankidetza sentitzen ditudan bitartean, pozik eta gogotsu ekingo diot oraingoan ere, zer demontre. Dena dela, gazteak ere ari dira animatzen eta erreleboa gertu daukat nik ere.
Titularrak
1. Iñaki Aizpuru Oiarbide.
2. Nagore Etxeberria Pikabea.
3. Iker Mendizabal Garro.
4. Maria Elena Manso Lopez.
5. Aitor Garmendia Etxeberria.
6. Nerea Martinez Iturrioz.
7. Unai Aldasoro Jauregui.
Ordezkoak
1. Amparo Urkola Arriategi.
2. Jose Ugnacio Echaniz Echaniz.
3. Irati Salinas Jauregui.