Fitxa berri bat sartu da jokoan
Bost hautagaitza zerrenden artean aukeratu ahal izango dute beasaindarrek udal hauteskundeetan; EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, eta lehengoz, Elkarrekin-Podemos.
Beasaindarrek bost hautagai zerrenda izango dituzte aukeran maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. EAJk Leire Artola, EH Bilduk Hasier Agirre eta PSE-EEk Eva Alvarez aurkeztu dituzte alkategai, udalgintzan esperientzia dutenak jada. Elkarrekin-Podemos, lehenengoz aurkeztuko da Beasainen; Wesley Aritz Corsitto izango da alkategaia. PPren zerrendaburua berriz, Jose Luis Prieto izango da. Datozen lau urteetarako asmoak eta proiektuak aurkezten ari dira egunotan.
Ekonomia
EAJk komunitate energetiko bat eratuko du, Sasietako zabortegiaren inguruan parke fotovoltaiko bat instalatu eta ustiatzeko. Horrez gain, Olaran lantegia aukera bezala ikusten du talentuak eta sormenak Goierriko enpresetarako erreferentziazko profesionalak erakartzeko, eta zerbitzuen eta aisialdi-eskaintzaren edukiontzi bihurtzeko.
EH Bilduk, ekonomia arloan, eskualde mailako politikak bultzatuko ditu. Ongizatea bermatzeko industria berrindartzea, enpresa sarea sendotzen segitzea, sektore berritzaileak bultzatzea eta trakzio efektua duten enpresa handiek eskualdean iraungo dutela bermatzeko lan egingo dute.
PSE-EEk hobariak sustatuko ditu tokiko enpresentzako, emakumeak eta iraupen luzeko langabeak kontratatzeko. Ekintzailetza sustatzea eta kalteberatasun egoeran daudenentzat prestakuntza sustatuko ditu. Komunitate energetikoak ere bultzatuko ditu.
Elkarrekin-Podemosek enplegu plana egingo du, behar gehien dutenengan arreta berezia jarriz.
Etxebizitza
Etxebizitza arloan, EAJk gazteentzat etxebizitza aukera areagotzeko lanketan jarraituko du. Jaurlaritzarekin batera alokairua sustatuz, diru-laguntzak emanez, gazteen etxebizitza beharrari erantzun eta emantzipaziorako bideak erraztuz.
EH Bilduk alokairua eta etxebizitza publikoa sustatuko ditu. Etxebizitza hutsen erabilera lehenetsiko du. Alokairua oinarri duen etxebizitza publikoaren parke baten sorrera gauzatuko dute, gazteei eta zaurgarritasun egoeran daudenei laguntzeko.
PSE-EEk alokairuan dauden etxebizitza parkea handitzearen alde egingo du, bai eta etxebizitza publikoa areagotzea sustatu ere.
Elkarrekin-Podemosek etxebizitza hutsak merkatura ateratzen dituztenei hobariak ematea proposatu du alokairuaren prezioa jaisteko. Alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoa handitzea ere proposatu dute.
Gizarte politikak
Gizarte politika eraginkorrak sustatzea eta adineko pertsonen ongizatea, bereziki, nahigabeko bakardade egoeran daudenen ongizatea bermatzea dira EAJren lehentasunak, eta horretarako, belaunaldi desberdinen arteko loturarako ekimenak jarriko dituzte martxan. Etxebizitza tutelatu eta Arangoiti bezalako egoitzetan dituzten ereduak eguneratzen jarraituko dute zahartze osasuntsua indartu eta bizi- itxaropen duina luzatzeko. Adinberri fundazioarekin elkarlanean jarraituko dute.
EH Bilduk herritarrek izan ditzaketen beharrei aurre hartuko dien politika sozialak bultzatuko dituen zerbitzua martxan jarriko du: Egoera zaurgarrien identifikazio goiztiarra egiteko plana bideratzeko; etorri berrientzako harrera integrala garatzeko; soldaten arteko arrakala eta prekarizazio egoerak hauteman eta laguntza administratiboa eskaintzeko; eta udalaren zerbitzu azpikontratazio joerarekin amaitu eta lanpostu publiko eta lan baldintza duinak sortzeko. Gainera, zaintza erdigunean jarriko dute, lanaren aitortzan oinarritutako zaintza zerbitzu publiko komunitarioaren alde eginez, eta etxebizitza komunitarioak bultzatuz. Emakumeen etxea ere bultzatuko du.
PSE-EEk, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko programak martxan jartzea, mendekotasunak dituzten pertsonentzat eta senitartekoentzat laguntzak, jarduera osasungarrien plana eta emakumeen etxea sortzea, proposatu dituzte, besteak beste.
Elkarrekin-Podemosek zaintza eta laguntza zerbitzu publiko berriak sortzea, zainketak eskaintzen dituzten langileen lan baldintzak hobetzeko, eta zaintza horien demokratizazio orokorra bilatuko duen sistema propio bat eraikitzeko prozesua ekingo du. Ahultasun eta bakardade egoeran dauden adinekoen bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere proposatu dituzte. Bestalde, gizarte larrialdi egoeran daudenentzako pisu gehiagoren beharra ikusten dute. Era berean, migratzaile eta errefuxiatuei harrera egiteko eredu berri bat bultzatuko dute, zerbitzu publikoetarako sarbide unibertsala bultzatuz.
Kultura, kirola, euskara
Euskarari dagokionez, EAJk komunitate ez-euskaldunarekin konektatzeko Euskara 60 hitzetan programaren bidez integrazioa sustatuko du. Kirolean, berriz, gune berriak sortzea proposatu du; Antzizar eremuan, atletismo eta kirol erabilera anitzeko modulu estalia sortuko dute, kontzertuak egiteko ere baliagarri izango dena.
EH Bilduk Olaran faktoria martxan jarri nahi du, herritarren topagune, helburu eta erabilera anitzeko eremua izango dena. Era berean, haur, nerabe eta gazteen garapen integrala sustatzeko udal sail bat ezarriko dute.
PSE-EEk industria historiaren museo bat sustatuko du. Arriaranen etorkizunerako naturaren eta ingurumenaren interpretazio zentro baten oinarriak ere ezarriko dituzte.
Elkarrekin-Podemosek euskara sustatuko du, besteak beste, C1 mailaraino euskara ikasteko doakotasuna bermatuz.
Hirigintza
Hirigintza arloan EAJk San Inazio eta Esteban Lasa kaleetako birmoldaketa egingo du, oinezkoak lehenetsiz. Anbulategitik Altamira auzora joango den oinezko eta txirrinduentzako ibilbidea sortuko du, eta bidegorri sarea hobetu. Gainera, Renfeko eremua, estrategikotzat jotzen du, etxebizitza babestua egiteko, eskualdeko erreferentzialtasuna sendotuko duen zerbitzu berriak eskaintzeko eta N1eko sarrera irteerak hobetzeko.
EH Bilduk mugikortasun osasuntsua bultzatuko du, hala, bide berdea sustatuko du; herri autobusa; eta txirringak gordetzeko aparkalekua.
PSE-EEk udalerriko irisgarritasuna hobetu nahi du. Arantzazu eta Mateo Mujika kaleetan esku-hartzeak egingo ditu, Institutuko eskailerak berritu, Zaldizurreta kaleko espaloiak berritu, komun publikoak jarri, txakurrentzako parkeetan mantentze lanak egin, jolastoki berriak egin eta hiri altzariak berritzearen alde egingo du.
Elkarrekin-Podemosek, Olaran birgaitu nahi du, gizarte-jarduera izan dezan. Pergolak Bernedorekin lotuko dituen zubiaren eraikuntza aztertuko du, ibilgailuen trafikoa murrizteko eta mugikortasuna errazteko.
Beasaingo 9.814 herritar (bertan erroldatutakoak eta 18 urtetik gorakoak) daude maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa ematera deituta.
17 zinegotzi. Beasaingo udalbatza 17 zinegotzik osatuko dute 2023-2027 agintaldian. Ekainaren 17an egingo dute udalbatza osatzeko ekitaldia.
2019ko emaitzak.
EAJ | 3.259 | 10 |
EH Bildu | 1.947 | 5 |
PSE-EE | 885 | 2 |
Historikoa
1979-83. Juan Lasa (EAJ)
1983-87. J. Antonio Imaz (EAJ)
1987-91. Iñaki Ergin (EA)
1991-95. Jose Luis Arriola (EAJ)
1995-99. Jon Jauregi (EAJ)
1999-03. Jon Jauregi (EA-EAJ)
2003-07. Patxi Plazaola (EA-EAJ)
2007-11. Patxi Plazaola (EAJ)
2011-15. Koldo Agirre (Bildu)
2015-19. Aitor Aldasoro (EAJ)
2019-20. Aitor Aldasoro (EAJ)
2020-23. Leire Artola (EAJ)