IDIAZABAL. Hiru hautagai, bi aukera
Udalbatzako gidaritza EH Bildu eta Izalberriren arteko lehian erabakiko da. Iñaki Alberdiren «esperientzia» eta Patxi Mugikaren «freskotasuna» daude aukera errealen artean.
Idiazabaldarrek hiru hautagaitza izango dituzte aukeran datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan. EH Bildu aurreko hauteskundeetako garaipena berrestera aurkeztuko da beste behin. Izalberri —desagertutako Izal Bai-ren ordez sortutako talde independentea— da aurtengo berritasuna. Eta nahiz eta azken legegintzaldian eserlekurik lortu ez, PSE-EE alderdiak 2019an bezala, Migel Anjel Morales aurkeztu du Idiazabalen zerrendaburu.
Iñaki Alberdi, gaur egungo alkateak gidatuko duen EH Bildu eta Patxi Mugika Izalberriren zerrendaburua dira, dena den, aukera errealak. Orain lau urte sei zinegotzi eskuratu zituen EH Bilduk eta bost Izal Berri desagertu berriak. Aurten ere, bi alderdi hauen artean izango da lehia nagusia. «Gurutze Berri auzoaren urbanizazio berria» izango da EH Bilduren legealdi honetako proiektu izarra. Alberdik aurreratu duenez, «esleipena martxan dago eta udan hasiko dira lanak». Beste erronka nagusietako bat izango da «prezio eskuragarriko etxebizitzen promozioa» egitea. Azpiegiturei dagokionean, «bidegorri sarea osatzeko Idiazabal-Beasain tartea egitea» ere, lehentasunen artean daude.
«Merkataritza eta zerbitzuen gabeziak eta errelebo faltak kezkatuta», herrira «zerbitzu berriak erakartzea» beste erronketako bat izango da. Eragile ezberdinekin elkarlanean «herriko giroa suspertzen» jarraituko dute, baita hala nola, «zaintzaren, berdintasunaren eta aniztasunaren arloetan» martxan jarritako proiektuei jarraipena ematen ere. Plaza eta ingurua eraberritzeko «parte hartze prozesu bat» martxan jarriko dutela iragarri dute eta horrekin batera, baita «kultur etxe berriaren proiektua idatzita uzteko» konpromisoa hartu ere. Amaitzeko energia eraginkortasunean «eragiten» jarraituko dute.
Lau lan ildo nagusi
Izalberri «talde berria eta anitza» dela aurreratu du Patxi Mugika hautagaiak. Lau lan ildo nagusitan laburbildu ditu maiatzaren 28ko hauteskundeetarako aurkeztu duten programaren nondik norakoak. Herriko gazteei etxebizitzak eskaintzea izango da lehentasunetako bat. Udaletxe zaharreko eraikinean «lehenbailehen etxebizitza berriak» agindu ditu. Bestalde, kirol ekipamendu berriak egiteko «ahalegin sendoa» iragarri du: «Behar bezalako soinketa gela, padel pista eta ikastaroetarako gelak eginez eta igerilekuko berdegunea handituz».
Pilarrenean aldaketak iragarri ditu, «kultur ekipamendua» jarriko dute bertan, «Adin Etxe eta taberna mantenduz». Hirugarren lan ildotzat «herritarren herria egitea» azpimarratu dute, eta amaitzeko, «egonkortasun ekonomikoari» heldu nahi diote, «oreka ekonomikoa bilatuko dugu udalaren inbertsio gaitasuna handitzeko», amaitu du.
Idiazabalgo 1.704 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Idiazabalgo udalbatzari 11 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
EH Bildu | 729 | 6 |
Izal Bai | 547 | 5 |