«Harreman estua egin dut lau urte hauetan pertsona askorekin»
Iñaki Alberdi (Idiazabal, 1976) bigarrenez aurkeztuko da Idiazabalgo alkate izateko asmoz udal hauteskundeetara. Orkli enpresan prozesu teknikaria da lanbidez eta delineatzaile ikasketak eginak ditu. Bi seme-alabaren aita da eta 2019tik da Idiazabalgo alkate.
– Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Arlo ezberdinetan, Idiazabal eta idiazabaldarren alde lan egiten duen herritarrez osatutako lantaldea da gurea. Orain lau urte hasitako lanari jarraipena emango diogu. Inor bazterrean uzten ez dituen politikak gartzen jarraituko dugu, herritarren eguneroko arazoei irtenbideak emanez. Udala da herritarrengandik gertuen dagoen erakundea eta gertutasunez lanean jarraituko dugu orain arte bezala. Diru eta baliabide publikoen kudeaketa zorrotza egiten jarraituko dugu.
– Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Gurutze Berri auzoa eraberritzeko obrak aurtengo udaran hasiko dira. Prezio eskuragarriko etxebizitzen promozioa egitea izango da erronka nagusia. Etxebizitza Sailarekin lehenengo hartu emanak izan ditugu. Merkataritza eta zerbitzuen gabezia eta errelebo ezak asko kezkatzen gaitu. Idiazabal bizi baterako ezinbestekoak dira eta hauek sustatzea, laguntzea eta zerbitzu berriak erakartzea ere erronka nagusietako bat dugu. Honekin batera herriko eragile eta elkarteekin gertuko elkarlanean jarraituko dugu eta herriko giroa suspertzeko ekimen berriak ditugu buruan.
Landa eremuan inbertsioak egiten jarraituko dugu auzotarren eskutik jaso ditugun eskaerei erantzunez. Zaintzaren, berdintasunaren eta aniztasunaren arloetan ere martxan jarritako proiektuei jarraipena emango diegu. Plaza ingurua eraberritzeko parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan herritarrek gustuko duten inguru atsegin bat diseinatu eta eraberritze lanak egiteko. Eta honekin batera Kultur etxearen proiektua idatzita utziko dugu.
Energia eraginkortasunean pausoak ematen segituko dugu. IDAE erakundeak plaka fotovoltaikoak jarri eta Zepai, Bikuña eta Galo Zudaireko argiteria berritzeko aurkeztu genuen proiektua onartu du eta 316.000 eurorekin finantzatuko du.
– Berriz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Oso animoso. Lanean jarraitzeko gogo izugarriarekin. Eta lau urteko jardunak ematen duen esperientziaren patxadarekin. Atzetik talde indartsu bat izateak ematen duen segurtasunarekin. Idiazabalek hobetzen jarrai dezan, lana egiteko prest dagoen talde bat ezinbestekoa da eta legegintzaldi honetarako aurkeztu dugun taldean ere ilusio eta lanerako gogo ikaragarria ikusten dut eta nahi edo nahi ez segurantza handia ematen dit. Proiektu dezente ditugu martxan jarrita eta horiei errematea ematea gustatuko litzaidake.
Idiazabaldarra izanagatik, herria askoz ere sakonago ezagutzeko aukera eman dit eta ikusi dudana gustatu zait. Orain dela lau urte helburu bat aipatu nuen pasa den legegintzaldirako: orduan nituen baino lagun gehiagorekin amaitzea. Eta esan beharra daukat denbora tarte honetan pertsona askorekin tratatzea tokatu zaidala eta harreman estua egin dudala askorekin. Aurretik hala izango ez zela uste nuenekin ere bai. Eta horrek izugarri bete nau.
EUSKAL HERRIA BILDU (EH BILDU)
Titularrak
1. Iñaki Alberdi Iparragirre.
2. Jone Ormazabal Zabaleta.
3. Aimar Lizarazu Iztueta.
4. Ioana Prados Alustiza.
5. Iñaki Arriaran Murgiondo.
6. Jaione Munarriz Aramendi.
7. Eunate Elio Zenborain.
8. Jose Agustin Urteaga Usandizaga.
9. Nerea Martinez Navarro.
10. Mikel Urreta Lazkanoiturburu.
11. Irati Aperribai Unanue.
Ordezkoak
1. Xabier Sanchez Elortza.
2. Maria Isabel Lizarazu Leizeaga.
3. Aratz Urkia Telleria