«Inertzia, kudeaketa falta eta ekintzailetasun eza nagusitu da»
Berriz aurkeztuko da Aitziber Meabe Legorretako EAJren zerrendaburu. "Prest" ikusten du bere burua alkatetzak suposatzen duenari aurre egiteko.
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak Legorretari?
Legorretako EAJk egindako azterketaren arabera, herria bizia eta aktiboa dugun bezala, udaletxean inertzia, kudeaketa falta eta ekintzailetasun eza nagusitu da, herria bera estankatzera garamatzana. Udala, tamalez, oso eroso ikusten dugu inertziak mahaigaineratzen dituen gaiak tratatzen eta bestalde, herriaren oraina eta etorkizunerako oinarrizkoak diren gaiak, behin eta berriro, landu gabe eta beti, gerorako utziaz.
Legorretak baditu hainbat gai (etxebizitza, lur industriala, saihesbidea, tren geltoki berria, …) non erakunde ezberdinen arteko elkarlana behar den eta hori da, EAJk herriari egin diezaiokeen ekarpena, hau da, Udala, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Madrileko Kongresuko taldearen arteko elkarlana.
Zein izango dira proiektu nagusiak?
Geuk 10 lehentasun finkatu ditugu gure egitarauan baina laburbiltzearren, lehen lehena, gazteak emantzipatzeko eta jende zaurgarrienarentzat babestutako etxeak finkatuko genuke. Azken 16 urteotan, EH Bilduren agintepean, herrian ez da babesturiko etxe bakar bat ere egin eta ondorioz, gazte jende dexente inguruko herrietara joan behar izan du. Bigarrenik, herria zeharkatzen duen N-1 errepidea kalea bilakatu ahal izateko, saihesbide berria planteatzen dugu, pasoko trafikoa eta bereziki, kamioiak hartara desbideratuz, erdiguneko bizilagunen bizi-kalitatea hobetuz.
Hirugarrenik, ekipamendua alorra sustatu nahi dugu, kirol ekipamendu artean, gimnasioa eta igerilekua, eta, belaunaldi ezberdinen arteko kohesiorako, eguneko zentroa eta bestalde, gazteen aisialdirako lokalak. Laugarrenik, lur industriala ordenatu eta kudeatu beharra dago eta bereziki, Paper Fabrikako lur saila eta bulego eraikinaren birgaitzea. Aipatzearren azkenik, beste lehentasunak, komunitate energetikoa, Oriar jauregiaren birgaitzea, tren geltoki berriaren gauzatzea eta, azken urteetan hainbeste makaldu den merkataritza eta ostalaritzaren sustapena.
Berriz aurkeztuko zara hautagai gisa. Nola ikusten duzu zure burua?
Lasaiago. Ogibidez, oso ondo ezagutzen dut arlo publikoaren funtzionamendua eta nire egunerokotasunean bai aurrekontuak bai lantaldeak kudeatzea dagokit, beraz, alde horretatik, uste dut, apaltasunez, prestatua nagoela alkatetzak suposatzen duenari aurre egiteko. Aurreko agintaldian, udaletxeko barne funtzionamenduaz ere ikasitakoak, eskarmentua eskainiko dit eta ondo etorriko zait.
Titularrak
1. Aitziber Meabe Sorazu.
2. Garbiñe Garmendia Etxeberria.
3. Ainara Amenabarro Etxeberria.
4. Miren Rezola Lasa.
5. Izaskun Latienda Esnal.
6. Rebeca Valles Quijada.
7. Lourdes Amondarain Esnaola.
8. Agurne Lasa Sarasola.
9. Miren Izaskun Zubeldia Otegui.