"Itsasondok bizileku eta lan-leku izan behar du itsasondoarrentzat"
Legealdi honetan zinegotzi izan ondoren, Itsasondoko EAJren zerrendaburu aurkeztu da Judith Otegi. Itsasondoren "potentzialitateari ahalik eta 'zuku' gehien ateratzen saiatuko" da.
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak Itsasondori?
EAJ-PNVk uste du Itsasondo herria potentzialitate handia daukan herria dela baina potentzialitate hori ez garela behar bezala aprobetxatzen ari.
Itsasondok bizileku eta lan-leku izan behar du itsasondoarrentzat. Bizileku atsegin eta erosoa eta lan-leku gertuko. Horrek zer eskatzen du? Bertako enpresekin, bertan lokalak dituztenekin, bertako merkatariekin, gertu egotea, entzutea, laguntzea. Eta bertako seme-alabak bertan bizitzen jarraitu ahal izateko, etxebizitzak eskaintzea eta herrian gustura bizitzeko zerbitzu egokiak bideratzea.
Zein izango dira proiektu nagusiak?
Industria, herriko lokalak eta merkatariekin gertuko elkarlana bultzatu, haien jarduerarekin jarraitu ahal izateko eta enplegua areagotzeko. Nekazaritza eta abeltzaintza beti presente izan eta beste administrazioekin (Aldundia, Jaurlaritza) elkarlanean babestu eta lagundu. Enirio Aralar Mankomunitatean legealdi honetan egon den paralisiarekin bukatzen saiatuko gara eta mendiaren kudeatzaile eta zaintzaile diren abeltzainei azpiegitura duinak eskaintzen saiatuko gara.
Basogintzari dagokionez, uste dugu udalak basoak erostera baliabideak bideratzea ez dela egokiena, herriguneko beste behar batzuk lehenetsi behar direla uste dugu. Eta baso jabe pribatuek Gipuzkoako Foru Aldundiko diru-laguntzetaz baliatu behar dutela. Eta Orain basoen kudeaketa publiko-pribatua egiteko aukera eskaintzen du Aldundiak Basotik Fundazioaren bidez.
Herriko giroa indartu, haur eta gazteentzat urteko jarduera egitarau aberats bat diseinatu. Guraso, haur eta gazteekin beraiekin modu partekatu batean diseinatu behar da egitarau hori. Herrimina eta herri giroa sortzea da honen helburu nagusia.
Bukatzeko, adineko pertsonak ere aipatu behar dira. Zainduak, ondo zainduak, etxean eta hori ez bada posible herrian bertan. Hori izan behar da gure helburua eta horretan saiatuko gara Aldundiko Gizarte Politiketako departamentuarekin elkarlanean.
Berriz aurkeztu zara hautagai. Nola ikusten duzu zure burua?
Berriz aurkezteko prestutasuna azaldu izanak berak erakusten du nire konpromisoa Itsasondorekiko. Ezagutzen dut herria, ezagutzen ditut bere beharrak, ezagutzen dut herri honek duen potentzialitatea eta ahalik eta ‘zuku’ gehien ateratzen saiatu nahiko nuke.
Lau semeren ama izateak eta emakume izateak ere uste dut herri honi ekarpen berezi bat egin diezaiokedala, zintzotasunetik eta umiltasunetik, baina baita irmotasunetik eta ilusiotik. Ni bakarrik ez naiz inor, nirekin batera zinegotzi hautagai talde bat aurkezten da. Eta horrez gain, EAJ-PNV alderdiaren taldea dago, erakunde desberdinetan lanean ari dena eta ariko dena, eta denon artean Itsasondorentzat eta itsasondoarrentzat onena ekartzen saiatuko gara.
Titularrak
1. Judith Otegui Lopez de Murillas.
2. Joseba Antxustegi Maneiro.
3. Xabier Arrese Arratibel.
4. Ainara Ayestaran Aldasoro.
5. Jon Olano Arrese.
6. Xabier Eskisabel Sampedro.
7. Maider Lizundia Alberdi.