«Azken urteetan, zenbait arlotan gure herriak ez du aurrera egin»
Zinegotzi hainbat urtean aritu ondoren, alkategai izateko aurkeztu du bere burua Kontxi Sukiak, EAJren zerrendaren buru. Esperientziadun taldea elkartu direla eta, herriaren zerbitzura jarri nahi du gaitasun hori.
–Zer ekarpen egin nahi dizkio EAJren hautagaitzak Ataungo herriari?
Etorkizunari begira, Ataunek atzera gelditu nahi ez badu erronka handiak ditu. Azken urteetan zenbait arlotan gure herriak ez du aurrera egin. Guretzat garrantzitsuak diren zenbait gairen gaurko egoerak eta bilakaerak kezkatzen gaitu: hirugarren adinekoentzat azpiegitura falta, etxebizitzen gaiak, auzoetan falta diren azpiegiturak, irisgarritasun arloan ditugun hutsuneak…
Gure taldearen ezaugarri nagusiena esperientzia da, bai kultur eta kirol arloetan, enpresetan, erakunde publikoetan… Datozen lau urteei begira esperientzia hori gure herriaren zerbitzura jarri nahi dugu.
–Zein dira datozen urteetako erronka nagusiak?
Hemen laburki erronkarik garrantzitsuenak aipatuko ditugu:
- Hirugarrengo adinekoen egoerak asko kezkatzen gaituen gaia da. Botika zaharra herriak erosi berria duenez gero, hori ahal den azkarren martxan jarri beharra dago. Adineko jende asko bizi da gure herrian eta gainera premia handiak dituztenak. Horregatik botika, zaharren egoitza izatea nahiko genuke.
- Etxebizitzak. Azken urteetan gure herrian ez da etxebizitzarik eraiki. Hainbeste urteetan Artzaneko eskeletoa dagoen bezala ikusteak begietako mina ematen du eta berehala soluzio bat eman beharra dago. Bestalde, lehendik eginda dagoen San Martingo plazako proiektua gauzatzen hasteko garaia da.
- Egun askotan Euskal Herrian eguraldi txarra egiten duelako, San Martingo plazan aterperik ez egotea arazoa da. Horregatik plaza erdian toki estalia egingo genuke.
- Herri-bidea. Gure herriko altxorretako bat izanik, lehendik eginda dagoen zatia zaharkitua gelditu da (koskak, zorua, seinaleak, eserlekuak… Horregatik bertan agudo hobekuntzak egin beharra daude. Bestalde, Kaxetaraino egiteko falta den zatia amaitu beharra dago.
- Bidegorria txirrindularientzat. Nondik nora joan behar den diseinatu ondoren, pixkanaka gauzatzen joan beharko litzateke.
- Euskara. Gure herrira geroz eta kanpotar gehiago dator bizitzera. Euskararen presentzia kalean eta etxean galtzen doala ikusten da. Hori gerta dadin, azkar bitartekoak jarri beharra daude.
- Gure iritziz auzo desberdinetan irisgarritasun arazoa handiak ditugu. Ezintasunen bat duten pertsonek leku askotan ibiltzeko dituzten arazoak handiak dira. Adibide bat jartzekotan Tabla etxetik Julianera doan zatian.
–Lehen aldiz aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Animoz oso ondo aurkitzen naiz eta lanerako ilusio handiz. Urte askotan zinegotzi bezala lan egitea esperientzia ona izanda niretzat, herriko beharrak gertutik ezagutzeko. Horrek bultzatu nau pauso berri hau ematera. Ataundarron bizitza hobetzeko asmoz, taldean egindako proiektua aurkezten dugu udal hauteskundeetara. Nire gustuko taldea osatu dugu, eta legegintzaldi honetan gure lana ondo egiten saiatuko gara.
Ataungo EAJren hautagaiak:
-
Kontxi Sukia Garmendia.
-
Alberto Arellano Arrese.
-
Juan Felipe Barandiaran Garmendia.
-
Joakin Goikoetxea Goikoetxeaundia.
-
Xabier Barandiaran Irastortza.
-
Miren Amaia Arrese Arratibel.
-
Jose Antonio Goikoetxea Etxeberria.
-
Iñigo Kerejeta Aierbe.
-
Bittor Oroz Izagirre.
Ordezkoak:
-
Lander Imaz Mujika.
-
Jose Manuel Fontenla Rodiles.
-
Fermin Arrese Arratibel.