«Ahalik eta burujabeen izateko urratsak egiten hastea ezinbestekoa da»
Bigarren agintaldian jarraian Ataungo udal buru izan nahi du Martin Aramendik, gaur egungo alkateak. EH Bilduren zerrendaburu dago, eta azken lau urteetako lanari segimena ematea da asmoa.
Zer ekarpen egingo dio EH Bilduren hautagaitzak Ataungo herriari?
Lau urteotan egin dugun ekarpena egiten segitzea da gure asmoa. Alde batetik, programan jasotako proiektuak aurrera eramateko lan egingo dugu, eta, bestetik, egunez egun sortzen diren eginkizun, eskari eta ezustekoei ahalik eta ondoen erantzuteko. Horrez gain, komunitatea aktibatu eta indartu nahi dugu, etengabe hazi beharrak ekarri dizkigun krisiari eta klima larrialdiari elkarrekin aurre egiteko. Ahalik eta burujabeen izateko urratsak egiten hastea nahitaezkoa dela uste dugu, bai elikadura arloan, bai energia arloan, bai zaintzaren arloan. Elkarrekin biziko den, elkarrekin erabakiko duen eta elkar zainduko duen herria izaten jarraitu nahi dugu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Hirigintzako Plan Orokorra berrikusten eta eguneratzen hasita gaude dagoeneko, eta hori ondo gauzatzea garrantzitsua izango da oso herriaren etorkizunari begira. Horrekin lotuta, ATAUN 2035 herri-proiektua idatzi eta etxebizitza-politika iraunkorra jarri nahi dugu martxan; horretarako, Gislan enpresa egiten ari den etxe hutsen azterlanean oinarrituko gara. Zaintza- eta arreta-zerbitzuak indartu egin nahi ditugu, lehen sektorearen eta basogintzaren arloan lau urteotan egindakoari segida emango diogu, baita kulturan ere, herriko elkarteen jarduna babestu, koordinatu eta kalitatezko emanaldiekin osatuta.
Bigarren aldiz aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Orain dela lau urte baino lasaiago, egia esan. Azken urteotan egindako lanak eta pilatutako eskarmentuak gauzak beste modu batera ikusteko eta beste modu hartzeko aldartea ematen dizu. Ez da batere legealdi erraza izan: pandemia, ia idazkaririk gabe jardun beharra… Ahal izan duguna ahalik eta ondoen egiten saiatu gara, talde moduan funtzionatu dugu, batzuetan nahi eta ezinean ibili gara, baina gustura gaude egindakoarekin. Eta orain berriro nolako taldea osatu dugun ikusita, indarberrituta sentitzen naiz; ingurukoak ilusioz eta gogoz sumatzea bezalakorik ez baitago norbera ere hala sentitzeko.
Ataungo EH Bilduren hautagaitza
-
Martin Aramendi Arana.
-
Maider Irastortza Gerriko.
-
Mikel Dorronsoro Maioz.
-
Ion Fontenla Sukia.
-
Egoitz Goikoetxea Urdangarin.
-
Pili Imaz Agirre.
-
Aitzol Barandiaran Munduate.
-
Iratxe Tapia Usabiaga.
-
Aiora Erauskin Altuna.
Ordezkoak:
-
Elorri Ramirez Aldasoro.
-
Maria Imaz Galparsoro.
-
Maxa Goikoetxea Munduate.
-
Maribel Arin Baztarrika.
-
Maider Urdangarin Agirre.
-
Naiara Munduate Dorronsoro.
-
Ane Auzmendi Munduate.
-
Irati Arratibel Zeberio.