Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-ek "Ordiziako biztanleen eskuzabaltasuna" eskertu du
Aurreko asteazkenean, maiatzaren 10ean, egindako diru-bilketa egunean 2.121 euro bildu zituzten Ordizian. Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak “Ordiziako biztanleen eskuzabaltasuna” eskertu du, hedabideetara bidalitako ohar baten bidez. Aurreko asteazkenean, maiatzaren 10ean, diru-bilketa eguna egin zuten Ordiziako Azokan. Gizarte osoak minbizia duten pertsonei babesa emateko, ikertzaile, osasun-langile, boluntario, psikologo eta gizarte-langileekin konpromisoa hartzeko eta ikerketa onkologikorako dirua biltzen laguntzeko helburuekin egin zuten eguna. Parte hartu zuten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete.
2.121,58 euro bildu zituzten Ordizian. Lortutako baliabideak ikerketa onkologikorako eta elkartearen doako zerbitzuak sustatzeko erabiliko dituzte. “Ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen eta paziente eta senideei laguntzeko programak egiten, eta gaixotasunaren prebentzioko eta detekzio goiztiarreko kanpainak egiten jarraitu ahal izango da”. Elkarteak boluntario guztiei ere eskerrak eman dizkie, ekitaldi honetan zein beste batzuetan parte hartuz laguntzen egiten duten lanagatik.