Nikolas Lekuona argazki lehiaketako sarituak erabakita, ostiralean izango da sari banaketa
Jose Lopez Gimenez, Jose Ramon Luna de la Ossa eta Imanol Zubiaurre Bengoetxea izan dira irabazleak. Bertako saria Iñaki Hidalgorentzat izan da. Sari banaketa Barrenan izango da, 19:00etan.
Ortzadar Argazkilari Elkarteak antolatutako XII. Nikolas Lekuona argazki lehiaketak baditu irabazleak. Apirilaren 22an hartu zuen erabakia epaimahaiak, Joxe Inazio Kuesta Garmendiak, Maria Ona de Miguelek eta Alex Molano Perezek osatua. Sari banaketa ostiralean izango da, Barrena Kultur Etxean, 19:00etan.
Elkarteak sare sozialetan nabarmendu du “kalitate handiko obrak” aurkeztu dituztela parte hartzaileek. Azkenean, hauek izan dira sarituak:
1. Jose Lopez Gimenez (Sax, Alacant), Rincones olvidados lanarekin.
2. Jose Ramon Luna de la Ossa (Tarancon, Cuenca), Desnudo de otoño lanarekin.
3. Imanol Zubiaurre Bengoetxea (Beasain), Argi arnas bila lanarekin.
Bertako argazkilarien saria, berriz, Iñaki Hidalgo Ezenarro ordiziarrak irabazi du. Lehiaketan aurkeztutako lanen erakusketa egingo dute Barrenan datorren astean. Maiatzaren 22tik ekainaren 9ra egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara.