Joseba Egibar, EAJren Urretxuko hautagaiekin
Joseba Egibar GBBko buruak eta Jon Luqui Urretxuko alkategiak ekitaldia egin dute Urretxuko Iparragirre plazan.
Luqui izan da hitza hartzen lehena. Etxean gaixo dagoen Anjel Erratzu alderdikideari animoak bidali dizkio. “Etxetik ikusiko gaitu, telebistaz”, esan du.
Aurreko bi hauteskundeetako talde berarekin aurkeztu dela gogoratu du. “Duela 8 urte sorpresa izan zen guk irabaztea. Hiru urte eman genituen udalaren arazoak konpontzen. 2019an, berriz, gehiengo absolutua lortu genuen. Gaur botoa eskatzeko elkartu gara, apaltasunez baina egindakoaz harro. Plangintza ona dugu, eskarmentua eta lan egiteko gogoa. EH Bilduk 8 urte izan zituen eta emaitza desastrea izan zen. Eta ez zuten azaldu zer gertatu zen. Ez dute azalpenik eman eta garai hartan zinegotzi izan zenetako bat dute hautagai”.
EH Bilduren egitasmoak ez direla egingarriak gehitu du. “Proposatu dituzten gauza gehienak ezin dira egin. Ez dute azaldu nola egingo dituzten. Guk zaintzarekin eta etxebizitzarekin lotutako egitasmoak martxan ditugu, besteak beste”.
Egibarrek EAJren herrigintzaren ardatzak zeintzuk diren aipatu du. “Oinak lurrean. Ikusi nola amaitu duten amets zoroekin ibiltzen zirenak. Burua argi. Lehenengo landu eta ondoren egin. Besoak zabalik eta eskuak lanean. Inspirazioak lanean harrapa gaitzala. EAJ beti lanean harrapatuko dute. Euskara ahoan eta gure herria bihotzean”.
EH Bilduren “adanismoa” eta “amnesia” kritikatu ditu. “Ez dute gogoratzen zer gertatu den. Frankista koxkorrak bezala. Haiek ere gertatutakoa ahaztu zuten. Eta mundua beraiekin hasten dela dirudi. Guk ibilbide demokratikoa dugu. Eguneroko aberrigintzan ibili gara. Batzuk eraikitzen ibili gara”.