«Udaleko jarduna berria zait, baina jendearekin lan taldean aritzea zer den badakit»
Patxi Mujika (Zizurkil, 1975); Idiazabalen bizi da azken 25 urteetan, “bizitza erdia baino gehiago” eta horregatik idiazabaldartzat du bere burua. Kudeaketa komertzialean aritzen da eta bi alabaren aita da. Lehen aldia du udalgintza gaietan, baina “ilusioz” ekingo dio erronka berriari.
– Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Talde berria gara, anitza, eta hautagai berria izateak ematen duen freskura, eta lan egiteko modu berria ekarriko dugu, alderdien interesetatik harago herritarrak eta herria lehenetsiz lan egitera gatoz.
– Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Lau lan ildo nagusi ditugu:
1- Batetik Etxebizitzak. Urte gehiegi dira berririk egin ez dela eta promozio pribatuen zain ezin dugu egon, udalak herriko gazteei etxebizitzak eskaini behar dizkie, hori da gurea bezalako herrietan eraginkorrak izatea. Horretarako udaletxe zaharreko eraikinean etxebizitzak egingo ditugu lehenbailehen. Eta Zepai inguruko lursailetan gehiago egiteko behar den kudeaketak burutuko ditugu (Plan Partziala etab.l), beharren arabera egin ahal izateko.
2- Bigarrena, ekipamenduen inguruan. Batetik kirol ekipamenduak egiteko ahalegin sendoa egingo dugu, pilotaleku atzean behar bezalako soinketa gela, padel pista eta ikastaroetako gelak eginez, eta igerilekuaren berdegunea handituz. Horrekin batera futbitoan estalpe bat eginez Igarondoko kirol gunea osatuko dugu berrikuntza hauekin denekin.
Pilarrenean ere Eguneko zentroak dituen ebakuazio betekizunak betetzeko ezintasuna tarteko, lekuz aldatu beharra dago, eta horri irtenbide bat emateko Pilarrenean kultur ekipamendua jartzea proposatzen dugu, Adin Etxe eta taberna bertan mantenduz. Eskolan berriz jolasleku inklusibo bat egingo dugu patioa eta haur hezkuntzako eraikina lotuko lituzkeen eremu bat egokituz.
3- Hirugarren ildoa herritarren herria egitea litzateke, alegia egiteko moduan garrantzia jarriz lan egitea. Herrian baditugu eragileak, eta horiei autonomia eta baliabideak eman behar diegu, baita erabakimena ere, eta elkarlan zintzoan aritu beraiekin, azken lau urteotan baserritarrekin, adibidez, atzerapausoa eman da horretan.
4- Eta azkenik, egonkortasun ekonomikoan jarri nahi dugu arreta. Azken urteetan gastu finkoan igoera handia izan da eta inbertsio gaitasuna ez da udal honek izan behar lukeen adinakoa. Oreka ekonomikoa bilatuko dugu inbertsio gaitasuna handitzeko.
– Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Udaleko jarduna berria zait, baina jendearekin lantaldean aritzea ez, pertsonentzako, komunitatearentzako lan egitea zer den badakigu, interes kolektiboari erantzun behar diogu eta horretarako prestatuta gaude. Beraz, ez diogu beldurrik lanari eta gogotsu eta ilusioz gainezka gaude, herri hobea egitera gatoz, Izal berri bat, Izal indarberritu bat.
IZALBERRI (IB)
Titularrak:
- Patxi Mugika Olaizola
- Mikel Mugika Romero
- Aitziber Aizpuru Ceberio
- Koldobika Bolinaga Altzelai
- Igor Ariztimuño Iparragirre
- Asier Oiarbide Aldasoro
- Argoitz Mascariano Albizu
- Loinaz Garmendia Irastortza
- Iker Zabaleta Urzelai
- Erkuden Murua Uribe-Etxebarria
- David Diego Sanz
Ordezkoak:
- Maria Montserrat Delgado Agirre
- Jordi Barreda Parra
- Izaskun Gomez Retes