Txirrindu asteburua Goierrin
Kadete mailako txapelketa jokatuko da Seguran, larunbatean. 200 txirrindulariren parte hartzea espero dute. Ataungo 58. San Martin proba igandean izango da.
Txirrindu asteburua izango da datorrena Goierrin. Dagoeneko errotuta dauden bi lasterketa jokatuko dira larunbatean eta igandean: Seguran kadete mailako Euskadiko Txapelketa, eta Ataunen 58. San Martin proba.
Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatuta kadete mailako Euskadiko Txapelketa jokatuko da datorren larunbatean Seguran. Garai batean Beheko Barrioko lasterketa bezala ezagutzen zenak 49. edizioa beteko du aurten, eta beste behin, Jabier Ormazabalen oroimenezkoa izango da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, «Euskadiko txapelduna izendatzeko lehia estua espero da».
200 txirrindulari guztira
Lasterketari 10:00etan emango diote hasiera larunbatean. Txirrindulariek 58,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Irteera eta helmuga Germanenean kokatu dituzte. Ibilbideari dagokionean, bi zatitan banatu dute. Batetik, Seguratik Zegamara joan etorria egingo dute txirrindulariek hasieran, ondoren, Ihurre aldera joko dute eta bertatik Ormaiztegira. Gabiriako bide berritik joan eta zaharretik itzuliko dira berriz, Ormaiztegira eta handik Segurara.
Lasterketaren bigarren zatia «gogorragoa» izango da. Berriz ere Ihurretik barrena Ormaiztegi aldera joko du pelotoiak eta azken kilometroetan Lierni eta Zerain igo beharko dituzte. Lierniko mendatea helmugatik 11,5 kilometrora igaroko dute eta Zeraingoa 4,5 kilometrora.
Euskadiko Txapelketa izanik Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako txirrindulari taldeek hartuko dute parte larunbatean, eta «guztira 200 bat txirrindulari» espero dituzte, aurreikuspenen arabera. Horien artean, Segurako Aitzol Sodupe txirrindulariaren parte hartzea azpimarratu dute antolakuntzatik.
San Martin proba 58.nez
Euskaldun Txapelketaren baitako 58. San Martin txirrindularitza proba jokatuko da —elite eta 23 urte azpikoen mailetan— , bestalde, igandean Ataunen, Agauntza kirol elkarteak antolatuta. Lasterketari 9:30ean emango zaio hasiera Ataungo San Martin auzoan. Guztira, 117 kilometro luzeko proba izango da eta lehendabiziko txirrindularia 12:30ak aurretik helmugaratzea espero dute antolatzaileek.
Hainbat mendate menderatu beharko dituzte txirrindulariek: Altzo, Ergoiena Ataunen, Urkillaga eta Olaberria, guztiak bi aldiz.