ITSASONDO. Bi ikuspegitatik berriro lanean
"Elkar zainduko duen herria izateko baliabideak jartzea» da EH Bilduren proposamena. EAJren helburua azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzea izango da.
Hiru hautagaitza zerrenda aurkeztu dituzte Itsasondon maiatzaren 28rako: PSE-EEk, EH Bilduk eta EAJk. Dena den, EH Bilduren eta EAJren artean banatuko dira zinegotziak, 2019ko hauteskundeen antzera. PSE-EEk hautagaitza sinbolikoa aurkeztu du, Luis Manuel Martin -Fontecha Curieses zerrendaburu duela. Egun Itsasondoko alkate den Iñaki Aizpuruk alkategaitza errepikatuko du EH Bildurekin, eta jeltzaleen zerrendaburu Judith Otegi izango da berriro ere. Azken bozetan, EH Bilduk 5 zinegotzi lortu zituen Itsasondon, eta 2 EAJk.
«Itsasondoarrok egiten baitugu Itsasondo». Hori da Itsasondoko EH Bilduren ardatza. Hala, herritarren beharrak eta premiak ezagutzea eta horiei erantzutea izango da taldearen xedea, «modu naturalean edo antolatuan horiek asetzen saiatuz». «Elkarren beharraz» jabetu eta herritarren arteko antolaketa aldarrikatu dute programan.
Legegintzaldi berrirako, «elkar zainduko duen herria izateko baliabideak eta tresnak» jarriko dituzte herritarren eskura, eta udal taldetik «moduei gehiago erreparatuko» diete. «Herritarren beharrak zehatzago identifikatuz eta egiten ari garen lana hobeto komunikatuz».
Eskola berriaren eraikitzea izango da EH Bilduren proiektu nagusia, eta horrekin batera, herriko goiko auzoaren eta beheko zatiaren artean dagoen desnibela parekatzea. Egun Urkipe Herri Eskola dagoen leku berean kokatuko da, baina eraikin bakarrean. Horrez gain, herri-proiektu zehatzak zerrendatu dituzte: babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea, Beko Kale txukuntzeko lanei hasiera ematea, krisi ekologikoari erantzuteko neurriak hartzea, herritarren «osasun fisiko zein mentalean inbertsioak» egitea eta euskal kultura sustatzea eta transmititzea.
Azpiegitura eta zerbitzuak
Itsasondoko EAJren proposamena «herrian behar bezalako azpiegitura eta zerbitzuak» ezartzean oinarrituko da, taldeak dioenez, «herri lasaia eta aparta» den arren, azpiegitura eta zerbitzuetan «asko baitauka hobetzeko».
Zazpi lan ildo nagusi zehaztu dituzte programan: industria bultzatzea, «dauden enpresei erraztasunak areagotuz»; baserri bideen konponketarekin eta mantenu lanekin jarraitzea, «ezinbestekoa» dena; irisgarritasuna hobetzea; nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreko bizi baldintza «indartzeko neurriak» hartzea, Mankomunitatearekin elkarlanean eta Basotik fundazioarekin harremanak estutuz; Itsasondo turismo ibilbideetan txertatzea, «eskualdeko dinamikarekin bat» eginez; haur eta gazteei «bertan jolas egiteko, kirola egiteko eta aisialdia egiteko aukerak eskaintzea»; eta adinekoen zaintza zerbitzua herrian bertan sustatzea.
Itsasondo EH Bilduren programa
Itsasondoko 442 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Itsasondoko udalbatzari 7 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
EH Bildu | 225 | 5 |
EAJ | 87 | 2 |