Badator Mari, badatoz jaiak
Bihar arratsaldean emango diete Beasaingo Loinatz jaiei hasiera. 22:30ean egingo diote Mariri ongi etorria. Kontzertuak, kirola eta kale ikuskizunak izango dira, besteak beste.
Atzera kontaketan sartu dira beasaindarrak, bihar emango baitiete aurtengo Loinatz jaiei hasiera. Murumendiko Mari, bere kobazulotik aterako da, handik jaitsi eta herrikide guztiekin aurtengo jaiez gozatzeko.
Mari ostiralean jaitsiko bada ere, ansiosoentzat, gaur hasiko dira festak. Txosnagunea, gaurtik zabalik egongo da; 19:30ean zabalduko dute barra, eta 20:00etan hasiko da Fito Skins eta Sheldons Brothers taldeen kontzertua. 19:30ean, berriz, Aittu euskara elkarteko gazteek Festetan euskaraz kanpaina aurkeztuko dute, Txosnagunean.
Ostiralean sartuta, herritarren artean hain kuttuna den Murumendiko Mariri ongi etorria emateko, 22:30ean Loinazko San Martin plazan bilduko dira herritarrak. Arrano kultur elkartearen ekimenez eta hamarnaka herritarren laguntzarekin emango diote ongi etorria, 34.enez. Suaren, musikaren eta dantzen artean lehertuko da festa giroa.
Ekitaldiz bete-betea
Ekitaldiz josiak datoz festak, non ohiko ekitaldiak eta berriagoak ez diren faltako; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, kuadrillen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, dantzaokea eta beste hainbat. Beasain Jaietan aldizkariak bere hitzorduari ez dio hutsik egingo eta salgai jarriko du 2023ko alea etzi.
Nabarmentzekoen artean, ohiko moduan, kaleak alaitzen izango direla erraldoi eta buruhandiak. Aurten bi pertsonaia berritu dituzte erraldoien taldean, Faktorea eta Kantinera. Euren harrera edo aurkezpena Barrandain plazan egingo da bihar.
Larunbatean, iaz danborradak estreinatu zuen formatu berria errepikatuko dute. Haurren danborradaren irteera izango da lehena. 18:45ean helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko.
Igandean, su musikatuen ondoren Carbon Club kale ikuskizuna izango da Erauskin plazan Markeliñe konpainiaren eskutik. Honela, su artifizialen ondorenari indar berezia eman nahi diote.
Musika eskaintza luzea eta zabala izango da. Txosnagunean kontzertu sorta antolatu dute, eta egitarau ofizialean ere aukera zabala izango da. Besteak beste, larunbatean, Gozategi taldea izango da, Bideluze plazan.
Jaietako kartela
Aurtengo egitarauaren azala iragartzeko kartela Maite Donazar Cubillas beasaindarrak egin du, eta haurren mailan Galder Higuero Larreategik egindakoa izan da aukeratua eta egitarauan txertatu da. Egitaraua etxe guztietako buzoietan banatu dute, eta Igunean ere eskuratu daiteke.