Geroako Kaltetuek elkarretaratzea egin dute CAF lantegiaren atarian
Beren prestazioak haiek nahi duten eran berreskuratu ahal izatea eskatu dute, eta hori errazteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Geroako Kaltetuek plataformak deituta elkarretaratzea egin zuten atzo Beasaingo CAF enpresaren egoitzaren atarian. GEROA BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeari eskatu diote ostera ere, aukera eman diezaiela beren prestazioak haiek nahi duten eran berreskuratzeko, ez bakarrik hileko errentan, eta hori errazteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Hurrengo egunetan ere mobilizazioak deitu dituzte, Beasainen, besteak beste.
1996an sortu zuten GEROA BGAE, Gipuzkoako metalgintzaren sektorean, Adegi patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek —egun 20 sektoretara zabaldu da— . Hasiera batean, hiru bide aurreikusi zituzten langileek urteetan zehar egindako ekarpena berreskuratzeko: hileko errenta bidezkoa; guztia aldi berean jasotzea, administrazio organoak ezarritako muga bateraino; eta sistema mistoa.
2001ean, ordea, estatutuak aldatu zituzten, plataformaren arabera, azken aukera hori ezabatuz eta langileei «komunikatu gabe».
Gauzak horrela, antolatzen eta mobilizatzen hasi ziren. Geroaren estatutuen arabera, erretiratutako langileek ekarpenak berreskuratu ahal dituzte metatutako 45.120 euroak gainditzen ez badituzte. Bestela hilero horren parte bat jasotzen dute, errenta bidez, pentsioen osagarri gisa. «Geroak ez digu gure dirua nahi dugun bezala erreskatatzen uzten, 25 bat urtez hilean berrehun euro inguruko errentara behartzen gaitu, eta hori miseria bat! Geroa gu gara, dirua jarri dugunak gu garelako!», salatu dute Geroaren Kaltetuak Plataformako bozeramaileek.
Mobilizazioak
Hurrengo asteetarako ere mobilizazioak iragarri dituzte. Datorren asteartean, CAF enpresaren egoitzaren atarian, Beasainen deitu dute elkarretaratzea. Gainera, hauteskunde kanpainan egonik, ekitaldi politiko desberdinetan protestak deitu dituzte.