«Gure hautagaitzaren helburua aurreko urteetan eginiko lanari jarraipena ematea izango da»
Arama Herritarren Batzarra da herrian udal hauteskundeetara aurkeztutako talde bakarra. "Herritarren parte hartzea sustatzea" izango dute helburu, "herri giroa indartzeko asmoz".
Zer ekarpen egingo dio zuen hautagaitzak herriari?
Gure hautagaitzaren helburua aurreko urteetan eginiko lanari jarraipena ematea izango da. Arama bezalako herri txiki batean badakigu lehenago edo beranduago udal taldetik igaro beharko dugula eta oraingoan ere Aramako herritarrez osaturiko taldea dugu. Edonola ere, erronka nagusia Aramako herritarren parte hartzea sustatzea izango da herri giroa indartzeko asmoz, bizirik dagoen herria nahi baitugu.
Zein izango dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Eguneroko jardunean sortzen diren egitekoez eta jadanik martxan dagoen Tokiko Energia Komunitatearen sorrerari amaiera emateaz gain, baditugu giltzarriak diren bi proiektu.
Batetik, gazteentzako etxebizitzen auziari irtenbidea emateko beharra dugu. Izan ere, azken urteetan Arama biztanleak galtzen ari da gazteok ez baitaukagu bertan etxebizitza eskuratzeko aukerarik. Beraz, inguruko herrietara joateko beharrean aurki ez gaitezen, gazteentzako etxebizitza eskaintza sortzea ezinbestekoa da.
Bestetik, badira urte batzuk Aramako udalak apaiz etxea zena eskuratu zuela, eta bertan herriarentzat pizgarria izango litzatekeen ostatu/jatetxe berria martxan jartzeko ideia duela herriak. Herritarren beharrak eta iritziak entzunez, guztion artean proiektu hauek aurrera ateratzen saiatuko gara.
Nola ikusten duzu zure burua?
Pertsonalki gogotsu ekiten diot erronka honi, betiere berria den zerbaitetan murgiltzera zoazenean izaten den errespetuarekin. Araman talde lana izaten da oinarri, eta garrantzitsuena, udal talde aproposa osatu dugula da, prestatua eta lanerako gogoz eta ilusioz betea. Badaukat konfiantza talde honengan.
Titularrak
1. Asier Muñagorri Garmendia.
2. Iker Irribarria Olazabal.
3. Jon Ander Gorospe Olazabal.
4. Aritz Insausti Zeberio.
5. Udane Arizmendi Lekuona.