«Gure zereginak, buruhausteak eta indarrak Ormaiztegiri begira daude»
Jon Enrikek (Legazpi, 1966) bi legegintzaldi egin ditu Ormaiztegiko alkate modura, eta aurten, hirugarrenez aurkeztuko da Ormaiztegi Batzen talde independentearen izenean. Jaiotzez legazpiarra den arren, 24 urte daramatza Ormaiztegin bizitzen. Lanbidez irakaslea da eta «herrigintza» egiten jarraitzea du helburu.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Gure ekarpenik nagusiena lantaldea osatzen dugun pertsonatan dago: herrigintzan aritzeko konpromiso irmoa du gutako bakoitzak. Gurea ez da inprobisatutako talde bat, eta denbora daramagu datozen urteetako lana antolatzen. Ilusioa eta lanerako konpromisoa azpimarratuko nituzke.
Honekin batera, esperientzia azpimarratuko nuke. Edozein hautagaitzak aurkeztu dezake programa erakargarri bat, jendeak entzun nahi duena jasoz, paperak dena eusten baitu. Guk, ordea, administrazioa ondo ezagutzen dugu zortzi urteko lanaren ondoren, baita Ormaiztegik duen errealitatea ere: proiektuak garatzeko aukerak eta oztopoak identifikatuta ditugu, eta ondorioz gure programak ez du jasotzen benetako oinarria eta lanketa ez duen proiektu edo asmorik. Ez dugu ezer proposatzen modu populista batean, errealitatean eta honek izan ditzakeen baldintzetan oinarritutako aurretiko lanean baizik.
Eta azkenik, gure hautagaitzaren izaera bera: herri plataforma bat gara, partidu politikoetatik kanpo udalgintzan helburu bakar batekin gaudenak: herria egitea. Gure zereginak, buruhausteak eta indarrak Ormaiztegiri begira daude, eta ez beste inora edo beste inork baldintzatuta.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Proiektu nagusia etxebizitzak egitea da, Ormaiztegik duen premiazko beharra delako. Gure gazteak Ormaiztegin bizitzen geratzeko aukera izan behar dute, zentzuzko prezioetan eskainitako alokairuko edo jabetza propioko etxetan. Urteak daramatzagu horretarako lanean, baina Ormaiztegik dituen araudi eta lurzoru baldintzek ez dute erraza egin helburua betetzea. Eta ez da erraza inorentzat, baldintza horiek oso aukera gutxi uzten dutelako. Horiei aurre egiteko proiektua dugu, eta datorren legegintzaldian urtetako lanaren fruituak ikusiko dugu Muxika eremuan etxebizitzak eraikiko ditugulako; lana aurreratuta dugu Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ura Agentziarekin. Lana zerotik hasi nahi duenak ez du inolaz ere eraikiko legegintzaldian.
Gainera, jabetza pribatukoa den Antonene eremua garatzeko, garapena behartzeko sistema aldatuko dugu, udalak aurrea hartuko duelarik. Neurri konplexua eta muturrekoa da, baina, udalak garapena behartzeko har dezakeen azken neurria da.
Honekin batera, tren geltokia irisgarri egitea izango da datorren legegintzaldiko proiektu nagusietako bat. Gero eta gehiago erabiltzen ari gara garraio publikoa, eta aurrerantzean ere horrela izango da. Ormaiztegik prest egon behar du aldaketa horretarako, eta oraintxe gure geltokira iristea nekeza, zaila eta batzuetan arriskutsua ere bada; zer esanik ez irisgarritasun araudiari erreparatzen badiogu. Igogailuak edo/eta eskailera mekanikoak dituen proiektua gauzatuko dugu. Ormaiztegiren neurrira eta handinahirik gabeko proiektua izango da, baina garraioaren kontzeptua aldatuko dugu.
Berriz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Taldekideak bezalaxe, lanean jarraitzeko irrikaz nago eta lehenengo eguneko ilusio berdina daukat Ormaiztegik dituen erronkei aurre egiten laguntzeko.
Gainera, zortzi urte hauetan jasotako esperientziak, ezagutzak eta egindako lanak lasaitasuna ematen dit datozen urte hauetako lanari aurre egiteko. Orain arte bezala emateko duguna hauxe da: lana, konpromisoa eta kudeaketa arduratsua.
ORMAIZTEGI BATZEN (OB)
Titularrak
1. Jon Enrike Galarza
2. Agustin Gilabert Molist
3. Dunixi Murua Antia
4. Jose Francisco Mendizabal Irizar
5. Maria Jose Ruiz de Zuazo Remiro
6. Agustin Galabide Pellejero
7. Miren Lierni Yurrita Arregi
8. Juan Lobato Amado
9. Ione Usabiaga Arratibel
Ordezkoak
1. Alazne Ezkurdia Herniaga
2. Kepa Maiora Oria
3. Maria Idoia Gurrutxaga Aizpeolea