«Herri bizi euskaldun bat eraikitzea da gure helburua»
Garazi Hach Embarek (Madril, 1978) 12 urte zituenetik bizi da Ormaiztegin. Lau seme alabaren ama da eta ingeles irakaslea da lanbidez. Herrigintzan urteak daramatza —orain arte zinegotzia izan da Ormaiztegiko Udalean—, baita sahararren eskubideen aldeko borrokan ere.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Zerrendaburua naizen arren, Ormaiztegiko EH Bildu taldean kudeatuko dugu. Talde baten lana islatu nahi dugu eta herri baten dinamizazioa martxan jarri eta hastea da gure erronka nagusietako bat.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Datorren urteetarako proiektu nagusien artean, herri bizi bat lortzea da erronketako bat. Horretarako herriko jendea bertan geratzea behar dugu, bertan geratzeko lekua izatea, baita, kanpotik datozenei herrian euren lekua izateko aukerak eskaintzea ere. Etxebizitzari dagokionean, erosteko aukera bai, baina etxeak alokatzeko aukera ere egon behar da herrian, denontzat eskuragarriak izan daitezkeen prezioetan. Horretarako eman behar diren pausoak emateko proposamenak landu ditugu EH Bildun.
Herrian jada dauden lursail naturalak zainduz, lehenengo sektoreari aukera bat ere eman nahi diogu. Herrian bizi direnei lehen sektorean aritzeko aukerak luzatzeko proposamenak landuko ditugu.
Zaintzaren mundua ere azpimarratu nahi dugu. Gure gizarteko alor garrantzitsua da. Gure bizitzaren martxa ikusita denok iristen gara uneren batean, senideren bat edo gurasoak zaintzeko norbait behar izatera. Arreta berezia eman behar zaie egoera horretan dauden pertsonei eta horretarako beharrezkoa diren baliabideak herritarren eskura jartzeko lan egingo dugu, hori aztertzeko prest gaude.
Beste hainbat proposamen ere baditugu lantzekoen artean, gehien bat herriari begira, herri anitz bati begira, herri bizi euskaldun bat eraikitzeko helburuarekin, non guztientzako tokia egon daitekeen.
Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Lehenengo aldia da alkatetzarako nire burua aurkezten dudana, nahiz eta zinegotzi bezala urteak daramatzadan Ormaiztegiko udaletxean. Azpitik lan asko egin beharrean gaude. Pertsona bakarra ez da alkatetzara iristen aurretik lana egiten ez bada. Gizarte bezala batu egin beharra daukagu eta erronka ezberdinei aurre egiteko gai izan behar dugu. Lau ume ditut, lana egiten dut eta guzti hori kontutan hartuta saiatuko naiz ahal dudan guztian herrian eragiten.
EUSKAL HERRIA BILDU (EH BILDU)
Titularrak
1. Garazi Hach Embarek Irizar
2. Aloña Muñoa Ordozgoiti
3. Ekaitz Zuloaga Galarzas
4. Asier Etxarri Eskisabel
5. Pedro Jaka Nuñez
6. Aitor Iraeta Simon
7. Sandra Lopez Gonzalez
8. Beñat Agirre Zubillaga
9. Miren Edurne Zufiaurre Astigarraga
Ordezkoak
1. Ander Lizarribar Oyarbide
2. Jose Maria Yurrita Arregi
3. Maria Isabel Garcia Armendariz