OLABERRIA. Jarraitu edo aldatu, bozkagaiak
OEO hautesle elkarteak aurreko agintaldietako bideari segitu nahi dio. EH Bilduk gobernantza eredu berria txertatu nahi du Olaberrian. Gidariak lehengoak dira
Duela lau urteko hautagaitza berberekin eta alkategai berekin egingo dira udal hauteskundeak Olaberrian. OEO Olaberritarrak eta Olaberriarekin talde independenteak Jokin Garmendia jarri du zerrendaburu; EH Bildu koalizioak Aitor Urkiola. PSE-EEk ere atera du du hautagaitza, Alfonso Segade beasaindar beteranoa lehen postuan ipinita.
«Esperientzia eta gertutasuna» goiburu hartuta ondu du programa OEOk. Taldea 2007tik udal gobernuan dago eta Garmendia 2011tik da alkate. «Erabakiak Olaberrian eta olaberritarrekin hartzen ditugu», dio OEOk zabaldutako esku-orrian.
11 eremutan egin nahi dituzten ekimenak laburtu dituzte programan. Laguntza sistema dute gehienek oinarri, gazteei kultur ekitaldiak gauzatzeko edo Arkupe elkarteanbazkidetzeko, adibidez. Orain arteko udal jarduera eta ekinbideak mantentzea ipini dute kudeaketaren bermetzat: industrian, landa eremuan (baserri bideak, etxe berritzeak, argindar sarea), hezkuntza publikoan, kirolean nahiz gizarte-ongizatean.
Berritasun modura, mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzat etxebizitzak erostea jaso du OEOk programan.
Hurrengo lau urteetan burutzeko zenbait proiektu ere aurreratu dituzte: oinezkoen bide publikoak berreskuratu, Olaberria-Idiazabal-Beasain bidegorria, tenis pistak estali, Zezilionea eraikina energetikoki berritu, atzeko plaza berritu, aldagelak berritu, edota Ihurreko azpietan eta igerilekuan jolas parkeak.
Gobernantza eredu berria
EH Bilduk, bere aldetik, ekainean hasiko den agintaldi berrirako helburu nagusienetakoa «herri komunitatea indartzea» hartu du. Udal funtzionamenduan aldaketak egin nahi ditu, herritarrekiko «hartu-eman eredu berria» martxan jarrita: «Herritarrak protagonista eta udalgintza hurbilagoa izango direna».
Gobernantza-eredua aldatzea proposatu du koalizioak, «botere partekatua» ezarrita. «Udal taldetik zer egin baino, egiteko moduei gehiago erreparatzen saiatuko gara». Auzoetako eragileen inplikazioa eta udal eskaintzaren presentzia dira errezetak.
Udalgintzatik landu beharreko herri motaren nolakotasun batzuk zehaztu ditu EH Bilduk: Olaberria zaintzaileagoa (zaharrekin) eta jasangarriagoa (etxe eta enpresen teilatuetan plakak kokatu, energia berriztagarriak bertan sortzeko) nahi dute.
Bertako elikagaien ekoizpena «estrategikoa eta potentzial handikoa» da, eta kanalak ireki nahi dituzte. Herri lurrak eskuratu, larre tokiak jarri, paisaia hobetu, gazteentzat etxebizitza sozialen aukera ireki, kanpotarrentzat harrera herria sortu, progresibitate fiskalean sakondu eta herriko eragileekin elkarlana estutzea dira egitasmo batzuk.
Errolda:
699 herritar deituta. Olaberrian 699 herritarrek edukiko dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea. Olaberriko udalbatzak 7 zinegotzi ditu.
2019ko emaitzak:
OEOk 328 boto, 5 zinegotzi
EH Bilduk 188 boto, 2 zinegotzi