«Jendearekin egiten diren gauzek beste xarma bat dute»
Hirugarren aldiz aurkeztuko da Aitor Urkiola Olaberriko alkatetzarako hautagai. Azken lau urteetako lana esperientziatzat hartu, eta gobernantza-eredu berria jarri nahi du EH Bilduk udalean.
Zer ekarpen egingo dio EH Bilduren hautagaitzak Olaberriko herriari?
Pasa den legegintzaldi honetan, zer egin baino, nola egin daitezkeen gauzak agerian utzi dugu, eta hori parte-hartze bidez izan da. Konbentzituta gaude jendearekin egiten diren gauzek beste xarma bat dutela, eta bide batez herritarra ere ahaldundu egiten dugula herritartasun sentimendua gehituz. Bulego itxi batean erabakiak hartzea bide zurruna da, eta epe motzekoa.
Memoria taldea, sortu berri diren emakume eta gazte taldeak, ingurumeneko gaiak, etxebizitza arazoa, autobus zerbitzua… horiek denak herritarrekin eta eragileekin batera egin ditugu legegintzaldi honetan, eta hori da bide bakarra.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Garai berriei proposamen ‘zehatzak’ egiten dizkiegu.
- Herrian adinekoen arazo oso larria dugu, eta ez dugu guk bakarrik esaten. Herriko osasun zentroarekin izandako bileretan bat datoz egoerarekin. Udalaren ekonomia eta zerbitzuak herriaren eta herritarren zaintzara bideratzeko, lankidetza publiko-komunitario handiagoa behar dugu. Adinekoen zaintza-sistema berritzailea sustatu, gizarte-zerbitzuak indartu, eguneko zentro bat jartzea planteatu, etxez etxeko adinekoen diagnostikoa egin eta horren baitan laguntza-zerbitzua zabaldu. Aukeratu gabeko bakardadean dauden herritarrak komunitatean integratzeko eta zahartze aktiboa lortzeko sare bat sortzeko aurrekontua bikoiztu edo behar den guzia sartzeko konpromisoa hartzen dugu.
- Biztanleriaren jaitsiera gelditzea. Ihurren dauden etxe azpiko lokalak (5) erosi eta etxebizitza egokitu. Herri gunean, alokairu sozialeko etxebizitza eskubidea bermatzeko, EH Bilduren aldeko botoarekin onartu berri den Etxebizitza Legeak eskaintzen dituen aukera guztiak aztertzea. Alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak egin, eta zuzkidura edo dotazionalak diren etxebizitzak handitzeko proiektua gauzatzea.
- Gobernantza eredu berriaren prozesua hasi. Herritarrak udal erabakietara gerturatu nahi baditugu, premiazkotzat izango dugu udal funtzionamendua barrutik eraldatzea eta herritarrekin lankidetzazko eredu berriak antolatzea. Auzo bilerak, galdeketak, batzorde ireki ugariago eta batzorde ezberdinetan antolatuta.
- Beste batzuk aipatzearren: memorian giza eskubide urraketa guztiak argitzeko konpromisoa, herriko eragileei laguntza eta bultzada, harrera plana kanpotik datozenentzat (Ihurren %20 da Espainiatik kanpokoa), lurrak erosten jarraitu, belardiak jarriz eta bertako espezieak landatuz, energia-komunitateak etxeetako eta enpresetako teilatuetara zabaldu, progresibitateranzko pausoak eman nahi ditugu, eskuragarritasun unibertsala erdigunean jarriz, zerbitzu publikoak jasotzeagatik irabazien araberakoa izanik, udal tasetan.
Bigarren aldiz aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Hirugarren aldiz aurkeztuko naiz! 2007-2011 legegintzaldirako ere aurkeztu nintzen alkategai. 12 urtez aritu naiz lantokian LABeko ordezkari bezala. Lan munduan dauden egoerak ikusten dituzu eta, udalari begira, nahiz eta dirua dugun fama izan, kristoren miseriak ikusten dituzu barruan. Eskaparate distiratsua bai, baina oinarria zentzu askotan salduta dugu. Langileak gara, pertsonak gara baina askotan ahazten zaigu hori dena eta puntu honetan sentsibilitate handiz jokatzen dut!
Era naturalean ikusten dut nire burua. Geroz eta konbentzituago ideia, hartzen dugun bidea eta egiten ditugun proposamen askorekin. Erdaraz zioten moduan… “de una lógica indiscutible”.
Horrelako ardura bat hartzen denean garrantzitsuena herriaren alde lan egiteko ilusioa edukitzea da, eta ilusioa dut. Horrez gain, azken zortzi urteetan ikasitakoarekin eta hartutako eskarmentuak herriaren alde era eraginkorragoan lan egiteko aukera izango dudala erabat konbentzituta nago.
Olaberriko EH Bilduren hautagaiak:
-
Aitor Urkiola Ugartemendia.
-
Isabel Herrera Carrasco.
-
Ainhoa Goiburu Eskitxabel.
-
Pedro Jose Jauregi Garcia.
-
Judit Garcia Llorens.
-
Garikoitz Arrieta Zubeldia.
-
Cristina Hernandez Alonso.
Ordezkoak:
-
Jose Miguel Arbilla Arbizu.
-
Ane Mantzisidor Eguzkitza.
-
Alejandro Diaz Garcia.