ORMAIZTEGI. Lau aukera, irabazle bat
OB-k, EH Bilduk, PSE-EEk eta PP-k aurkeztu dituzte zerrendak. OB-k hirugarrenez hauteskundeak irabaztea du helburu. Hach Embarek zerrendaburu EH Bildurekin.
Lau hautagaien artean aukeratu beharko dute ormaiztegiarrek datozen maiatzaren 28ko hauteskundeetan: Ormaiztegi Batzen (OB) herri kandidaturak, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk aurkeztu dituzte zerrendak. Alderdi sozialistak eta popularrek ez dute azken legealdian ordezkaritzarik izan Ormaiztegiko udaletxean, baina beste behin, hautagaitzak aurkeztu dituzte. Orain lau urteko emaitzei begiratuta, alkatetza OB-ren eta EH Bilduren artean erabakiko dela aurreikusi daiteke.
Azken zortzi urteetan Ormaiztegiko alkate lanetan aritu den Jon Enrike (Legazpi, 1966) da OB-ren zerrendaburu, hirugarrenez. Dioenez, «lehenengo eguneko ilusio berarekin» aurkezten da oraingoan ere, eta «Ormaiztegik dituen erronkei aurre egiten laguntzeko» prest ikusten du bere burua.
Garazi Hach Embarek (Madril, 1978) zinegotzia izan da azken legegintzaldian eta aurten, lehenengoz izango da zerrendaburu EH Bildu alderdiaren izenean. Bere hautagaitzari baino, «talde lanari» egin dio azpimarra Hach Embarekek. «Guztientzako lekua egongo den Ormaiztegi bizi eta euskaldun bat» du helburu.
Etxebizitzen beharraz
Zinegotzi kopuruan bikoiztu egin zuen OB-k EH Bildu azken hauteskundeetan, 163ko botoen aldearekin. Ikusteko dago aurten, bozken joerak berdina izaten jarraituko duen edo aldaketarik izango den.
OB-ren datorren legegintzaldirako proiektu nagusien artean herrian etxebizitzak egitearena dago. «Datorren legegintzaldian urtetako lanaren fruituak ikusiko ditugu eta Muxika eremuan etxebizitzak eraikiko ditugu», esan du Enrikek. Gaur gaurkoz, jabetza pribatukoa den Antonene eremua da beste erronketako bat, «Antoneneren garapena behartzeko sistema» aldatuko dutela aurreikusi dute. Tren geltokia «irisgarriagoa» egitea ere helburu nagusien artean zerrendatu du: «Ormaiztegiren neurrira egindako eta handinahirik gabeko proiektua izango da», esan dute.
Ormaiztegiko EH Bilduk ere etxebizitzaren gaiari helduko dio. Erosteko aukeraz gain, «denentzako eskuragarriak» izango diren alokatzeko etxebizitzen beharra azpimarratu dute: «herriko jendea bertan geratzea behar dugu, bertan geratzeko lekua izan dezatela; eta kanpotik datozenei ere herrian geratzeko aukerak eskaini behar dizkiegu», aipatu du Hach Embarekek.
Lehen sektorea hauspotzeko «herriko jendeari aukerak» luzatzeko proiektuak landuko dituzte, herrian dagoeneko dauden «lursail naturalak zainduz». Zaintzaren gaiari arreta berezia jarriko diote, «beharrezkoak diren baliabideak herritarren eskura jartzeko» lan egingo dute. Amaitzeko, «Ormaiztegi bizi baten alde» lan egingo dutela aurreratu du.
Errolda. Ormaiztegiko x.xxx herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Ormaiztegiko udalbatzari 9 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Ormaiztegi Batzen, 421 boto eta 6 zinegotzi
EH Bildu, 258 boto eta 3 zinegotzi