LGTBI+ diagnostikoa aurkeztu dute Ordizian Homofobiaren aurkako egunean
«Ordiziak biztanle batzuekiko duen zorra kitatzeko lehen urratsa» izatea nahi du udalak. Plaza Nagusian egin dute ekitaldia. Ondoren, Euskal Trabestiek emanaldia egin dute.
Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Horren harira, eta Udaberria Transloratzen Ordizia Transformatzen zikloaren barruan, udalak, Sudergintzak eta Hiru Larroxak elkarlanean osatutako Ordiziako LGTBI udal diagnostikoa aurkeztu zuten herriko Plaza Nagusian. Diagnostikoa eginda, bertan «azaleratutako gaitzak konpontzeko ekintzak proposatu eta burutzea» izango da hurrengo urratsa.
Adur Ezenarro alkateak ongi etorria eman zuen, eta azken erasoen gaitzetsi zituen. Ondoren, Zuriñe Rodriguez Sudergintzako kideak diagnostikoaren emaitzak azaldu zituen. Ondorioetako batzuk izan dira LGTBI pertsonek ikusgarritasun falta somatzen dutela kalean, LGTBI erreferenteen falta nabari dutela, heterosexualitatea oso presente dagoen bitartean, beste orientazioek ez dutela espaziorik, eta lagun talde batzuetan indarkeriazko eta kontrol dinamikak normalizatuta daudela.
LGTBI memoria
«Konpromiso politikoetatik harago, diagnostiko honek, Ordiziak bere biztanle batzuekiko duen zorra kitatzeko lehen urratsa» izatea nahi du udalak, alkatearen hitzetan. «Izan ere, zisheteroarautik at kokatzen garenontzat, Ordizia ez delako izan, eta oraindik ere, ez delako, inolaz ere abegikorra». LGTBI errealitateak «plazara ekarri» nahi ditu diagnostikoak, «ordiziar bakoitzari ikusarazteko sentitzen duen bezala bizitzeko eskubidea duela». LGTBI komuniatearen memoria historikoa berreskuratzea «ezinbestekotzat» jo du, eta aurrera begira lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du.
Amaieran trabestien ekitaldia
LGTBI+ diagnostikoa aurkeztu ondoren, Euskal Trabestien Show-a eskaini zuten Albina Stardust, Divina Comedia, Yogurinha Borova eta Xarma Leone drag artistek. Bere herrikideen aurrean aktuatu zuen Xarma Leonek, ordiziarra baita. Emanaldi musikala izan zen. Denek batera eta banaka, kanta ezagunak abestu zituzten.