Bihar irekiko dute Urretxu-Azkoitia errepideko hiru erreiko tartea
Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidearen segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko lanak gaur amaituko dira. Honenbestez, tarte hori guztiz erabilgarri egongo da bihar (ostirala). Errepidearen trazadura hobetu da. Aurrerantzean 1,3 kilometroko tarte horrek hiru errei eta aurreratzeko 400 metroko bi tarte izango ditu noranzko bakoitzean, plataforma bera zabalagoa baita. Halaber, itxaroteko erdiko erreiak ere eraiki dira Elosua (Bergara) eta Irimoegigoena (Antzuola) auzoetan dauden hainbat baserritarako sarbideak hobetzeko.
Bigarren faseari helduko zaio orain errepide hau hobetzeko lanen barruan. Proiektua jada idatzita dago eta lizitazioa aurten egitea aurreikusten da. Bigarren tarte horrek ere 1,3 kilometroko luzera izango du eta hor ere hirugarren errei bat gehituko zaio errepideari, plataformaren zabaltzeari esker, aurreratzeak segurtasun handiagoarekin egin ahal izateko.