ALTZAGA. Talde bakarra herria hobetzeko
Bi hautagaitza aurkeztu dira aurten Altzagan: Altzagaren Aldeko Taldea eta PP. Herri kandidatura da, halere, udal taldea osatzeko aukera erreala duena. Bost titular eta bost ordezko daude.
Aurreko bozetarako bi talde independente osatu zituzten Altzagan. Aurten, ordea, talde independente bakarra aurkeztuko da udal hauteskundeetara: Altzagaren Aldeko Taldea. PPk ere aurkeztu du zerrenda herrian, baina zinegotzirik lortzeko aukera errealik ez dute. 250 biztanletik beherako herria denez, bozka nominala egingo dute hautesleek. Zerrenda bozkatu beharrean, zerrendako 4 lagun aukeratuko ditu maiatzaren 28an hautesle bakoitzak.
Altzagaren Aldeko Taldea herri kandidaturak 10 laguneko zerrenda osatu du, 5 titularrekin eta 5 ordezkorekin. Titularrak dira Maite Garmendia (legealdi honetan alkate izan dena), Asensio Urretabizkaia Erauskin, Ianire Aranzabe Garmendia, Ramon Elkoro Arruabarrena eta Ander Del Rio Zubeldia. Ordezkoen zerrenda, berriz, Ibon Zarrabeitia Aranburuk, Odeia Aiestaran Auzmendik, Mikel Estala Ormazabalek, Harritxu Muxika Legorburuk eta Mitxel Arizkorreta Baronek osatzen dute.
2019-2023 legealdian, Altzaga Denok Elkarrekin eta Altzagako Artea Taldea kandidaturetako zerrenda kideek osatu dute udal gobernua, 3 eta 2 zinegotzirekin, hurrenez hurren. Aurtengo herri kandidatura, Altzagaren Aldeko Taldea, hala, talde berria da, esperientzia, gaztetasuna eta gogoa uztartzen dituena. Maite Garmendia Altzagako alkate eta AAT-ren zerrendaburuak azaldu du «lanerako gogo askorekin dagoen taldea» osatu dutela, eta herritarrekiko «gertutasuna» eskainiko duela hautagaitzak, herritarren kezkak eta zalantzak entzun eta horiei erantzunak emateko. «Herria hobetzea eta erronkei eta proiektuei aurre egitea» izango dira helburu nagusiak. Horretarako, zenbait lehentasun zerrendatu dituzte.
Frontoia eta ostatua
Arau subsidiarioen aldaketarako parte hartze prozesua amaitzea eta horren bidez Altzagarako antolamendu plan orokorra definitzea izango da lehentasunetako bat hurrengo legealdirako. Udaletxea berritzeko proiektua definitu eta lanak burutzea ere dute helburu. Horrez gain, frontoian itxitura jartzeko lanak egin nahi dituzte, «herriari topagune bat eskaintzeko» asmoz. Bide konponketekin ere segiko dute, Abali-Bostaitzeta bidea konponduz. Bideekin lotuta, argiteria hobetuko dute baserri bideetan.
Kultur eskaintza
Azkenik, herriko kultur arloa indartzea izango da beste helburuetako bat. Urtean zehar ekintza kulturalak antolatu nahi dituzte helduentzat zein haurrentzat, «herri bizia sortu eta herritarren arteko harremana sendotzeko». Adinekoei dagokienez, jubilatuentzako tailer eskaintza handitu nahi dute.
Altzagako 123 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Altzagako udalbatzari 5 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
A.D.E | 57 | 3 |
ARTEA | 53 | 3 |