ARAMA. 5 zinegotzi, 5 hautagai
Talde bakarra aurkeztu da Aramako udal hauteskundeetara: Aramako Herritarren Batzarra. Bost laguneko taldea osatu dute eta 5 zinegotzi dagozkio Aramari.
2019ko udal hauteskundeetan 2 herri kandidatura aurkeztu ziren Araman: Aramako Herritarrak eta Aramako Herri Batzarra. Aurten, azken talde independente hori da hautagaitza zerrenda aurkeztu duen bakarra. Bost laguneko taldea osatu dute, eta Aramari 5 zinegotzi dagozkionez, bostek osatuko dute udal gobernua 2023-2027 legegintzaldian. 250 biztanletik beherako herria denez, bozka nominala egingo dute hautesleek, bakoitzak zerrendako 5 kideetatik 4 aukeratuta.
Alkate berria izango du Aramak, 2019-2023 legegintzaldian alkate izan den Luis Garmendia Sagastume ez baita aurkeztu. Herritar gazteak dira hautagaiak: Asier Muñagorri Garmendiak, Iker Irribarria Olazabalek (zinegotzi izan da aurreko agintaldian), Jon Ander Gorospe Olazabalek, Aritz Insausti Zeberiok eta Udane Arizmendi Lekuonak.
Aritz Insausti Aramako Herri Batzarreko hautagaiak azaldu duen bezala, «talde lana izaten da oinarria» Araman, eta herri txikia izanik, «lehenago edo beranduago» herritar asko pasako dira udal taldetik. Datorren urteetarako «talde aproposa» osatu dute, «prestatua eta lanerako gogoz eta ilusioz betea».
Aurreko urteetan egindako lanari jarraipena ematea izango dute helburu. Erronka nagusia, era berean, «herritarren parte hartzea sustatzea» izango da, «herri giroa indartzeko asmoz».
Etxebizitza, herrian
Egunerokoan sortzen diren zereginez eta Tokiko Energia Komunitatea sortzeaz gain, bi proiektu zehaztu dituzte hurrengo legegintzaldirako. Batetik, gazteentzako etxebizitza politika landuko dute, gazteek etxebizitza herrian eskuratzeko aukera faltari aurre egin ahal izateko. «Inguruko herrietara joateko beharrean aurki ez gaitezen». Hori horrela, «ezinbestekotzat» jo dute gazteentzako etxebizitza eskaintza sortzea.
Bestetik, apaiz etxean ostatu/jatetxe bat jartzeko ideia jorratuko dute. Duela urte batzuk eskuratu zuen Aramako Udalak herriko apaiz etxea, eta bertan kokatuko litzateke ostatu/jatetxea, «herriarentzat pizgarria izango litzatekeena».
Herritarren beharrak eta iritziak entzunez, denen artean proiektu horiek aurrera eramateko lan egitea izango da udalaren iparrorratza datozen 4 urteetan ere.
Bost kide
Amaitzear dagoen legegintzaldian, bi talderen artean banatu dira udal gobernuko zinegotziak. Datozen urteetan, Aramako Herri Batzarreko 5 kideek osatuko dute udal taldea, eta horietako bat izango da nahitaez alkatea, beste hautagaitzarik ez baita aurkeztu. Talde gaztea da, eta, aldi berean, eskarmentua duena, herritarrak izanik, ongi ezagutzen baitute Arama. Aurreko lan taldearen lanari segida emango diote.
Aramako 141 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko aukera. Aramako udalbatzari 5 zinegotzi dagozkio.
2019ko emaitzak
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
A.H.B | 49 | 2 |
A.H | 46 | 3 |