GABIRIA. Burua maiatzaren 29an dute jada
Herrian osatutako hautagaitza bakarra izango da aurten ere Gabirian. Endika Igartzabal alkategai dela, Gabiria Hautesle Elkarteak talde gazte eta anitza du.
Hauteskunde igandeko sustenguaren neurriaren zain bai, baina burua dagoeneko biharamunean jarrita daukate Gabiria Hautesle Elkarteko hautagaiek. Herrian eratu den talde bakarra izanik, udalbatzaren ardura hartuko du, hirugarren aldiz jarraian. Endika Igartzabal du zerrendaburu, duela bi agintaldi zinegotzi izandakoa. PSE-EEk ere aurkeztu du hautagaitza Gabirian, Rafaela Romero foru diputatua buru jarrita.
Udal taldea osorik aldatu arren, aurreko lau urteetako bideari jarraituko dio berriak. Gazteak dira gehien-gehienak, baina 1979ko agintaldian zinegotzi sartu zen beterano bat ere izango da berriro udalean.
«Herritarren parte-hartzean eta orekan» oinarritutako udalgintza egin nahi du GHEk, orain arteko bost arlotan banatuta eta batzordeak udal-herritar bitartekari nahiz bateragune ipinita. Obretakoa eta Kulturakoa mantendu, eta gainerako hirurak indartu nahi dituzte: Finantzak, Gizarte-Ongizatea eta Komunikazioarena.
Lan ildo nagusiak
Programa atera eta zabaldu du GHEk, aipaturiko bost lan-arloetan egiteko dauden zereginak zerrendatuta. Frontoiazpiko harri-hormaren egitura-arazoei konponbidea ematea (milioi bat euroko kostua du), Arroaga eta Alkaintxiki eremuetan etxebizitza garapenak aztertzea, edo baserrietan «bi bizitza baino gehiago» egin ahal izateko arauak aldatzea dira batzuk.
Ekipamenduei dagokienez, Ostatuko ganbara birmoldatzen denean zer erabilera eman zehaztea, eta kirol pistaren ingurua berrantolatzea jaso dituzte, aparkaleku eta kirol erabilera funtzioak uztartzeko. Energian, azterketa orokorra egingo dute, kontsumoak neurtu eta non nola aurrez daitekeen ikusteko.
Troiko meategian jarriko du begi bat hurrengo udalak ere, jabe den enpresak hondakin-urtegia estaltzeko duen asmoaz gain, eremu osoaren berreskurapena eragiteko. Auzoei eta baserri «behar bezalako arreta» eskaintzea da beste helburu bat.
Zerbitzuak mantendu
Azken udalerriak urteetan biztanleria irabazi badu ere, zenbait adin tartetan beherakada nabaritu da –herri eskolan edo haur eskolan, adibidez–, eta beste zenbaitetan beharrak handitu dira –zaharrenean–. Zerbitzuak mantentzeko kudeaketa izango da udalgintzaren adar bat.
Gazteen parte-hartzea bultzatu, Agirin berdintasun taldearekin lankidetza handitu, eta etxe hutsak alokairuan jartzeko erraztasunak agindu dituzte.
Kultura mailan, herriko talde eta elkarteei lankidetzarako gonbita berrituko die udalak. Hartu-eman ikastaroei berrekin, eta adinekoen dinamizazioa indartuko dute, arlo sozialean.
Errolda: 402 herritar deituta. Gabiriako 402 herritarrek dute maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan botoa emateko eskubidea. Gabiriako Udalbatzak zazpi zinegotzi dauzka.
2019ko emaitzak: GHE Gabiria Hautesle Elkarteak 245 boto, 7 zinegotzi; PSE-EEk 6 boto, zinegotzirik ez.