GAINTZA. Helburu handiena, egina
Hauteskunde-lorpen garrantzitsuena –eta zailena– bete dute dagoeneko Gaintzan: hautagaitza osatu ahal izatea. Bost herritarrek eman dute pausoa, eta udalera sartuko dira.
Gipuzkoan biztanle gutxieneko bigarren udalerria da Gaintza, 126 bizilagunekin, Orexaren ondoren (117). Gizarte-antolamendurako eguneroko zailtasunei bezalaxe, zuzen-zuzenean eragiten die despopulazioak udal hauteskundeei ere, lau urtero herriko hautagaitza ateratzea desafio bihurtzeraino. Soberakin handirik gabe, baina lortu dute aurten ere. Gaintzako Herria taldea osatu dute bost herritarrek, eta udalaren osaera ziurtatuta dago, 2027ra arte.
Lanerako pronto dira zerrenda alfabetikoko Auritz Aurtenetxe, Jokin Garmendia, Jon Gorrotxategi, Uxue Irastortza eta Pablo Jesus Sesma. Gaintzan hautagaitza bakarra denez, udalbatzako bost aulkiak eurek hartuko dituzte, ekainaren 17an.
Aurreko legealdian udala gidatu zuen lan taldeak egindako lan ildoari jarraipena ematea izango dute norabidea. HAPO Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzeko prozesua hasita daukate, eta arau berriak definitzeko lana izango dute garrantzitsuenetako bat, 2023-2027 aldian.
Energia berriztagarrien inguruan lanketa egitea eta proposamenekin eta proiektuarekin jarraitzea da aurreratu duten beste asmo bat.
«Herri izaerari eutsi eta herri bizia izaten saiatzea» ere ahaztu ezinezko ardatzak izango dituzte. «Horretarako, egunerokoan herritarrengandik proposamenak jaso eta ditugun baliabideen baitan gauzatzen saiatuko gara, denon artean eraikiz, nahiz eta herri txikion errealitatea oso ezberdina den aurrera egiteko».
Motibazio ugari, xede bat
Gaintzak 250 biztanle baino gutxiago dituenez, hauteskunde sistema bestelakoa du. Zerrenda itxiak bozkatu beharrean, botoa izendapenezkoa edo nominala izaten da. Horretan ere, ordea, ez dago tarterik: bost hautagai aukeratu behar dira bost kargutarako, eta bost aukera daude.
Hautagai izateko arrazoi desberdinak azaldu dituzte Gaintzako Herria osatu duten herritarrek, baina sakonean bat eta bakarra dute motibazioa: herriak bizirauteko lan egitea. «Herri txiki hauetan lan egiteko zailtasunei, jendea aurkitzea ez dela erraza gehitzen zaio. Beraz, herriaren iraupenerako aletxo bat jartzea da arrazoi nagusiena», dio Jon Gorrotxategik.
Auritz Aurtenetxe bat dator: «Herriarekiko konpromisoa eta aurreko legealdiari bultzada eman nahia dira arrazoi nagusiak nire laguntza eskaintzeko, jakinda trantsizio prozesu batean murgilduak gaudela».
Aurtenetxek bezala, lehengo taldetik jarraituko du Uxue Irastortza zinegotziak ere. «Herri txiki hauetan zaila izaten da jendea aurkitzea horrelako karguetarako. Beraz, oraingo legealdiko karguarekin jarraitzea erabaki dut, trantsizio prozesu batean murgilduta baikaude eta hori aurrera eramateko laguntza eskaintzea izango da helburu bat».
Jokin Garmendiaren arrazoietako bat «herri txikietan, lehia politikoen gainetik, laguntza zuzena emateko aukera» da.
GAINTZAKO HERRIA (GH) hautagaiak, ordena alfabetikoan:
-
Auritz Aurtenetxe Zalbidea.
-
Jokin Garmendia Urdalleta.
-
Jon Gorrotxategi Gorrotxategi.
-
Uxue Irastortza Sukia.
-
Pablo Jesus Sesma Guillorme.