«Gure lana herritarren ekarpenak aztertzea eta herrian txertatzea izango da»
Udal zerrendan bigarren aldiz aurkeztu da Endika Igartzabal Murua, oraingoan lehenengo postuan, alkategai. Duela bi agintaldi ere zinegotzi izan zen. GHEren aurreko bideari jarraipena emango dio hautagaitzak, udala eratzen duten bost lantaldeetan oinarrituta.
Zer ekarpen egingo dio GHE hautagaitzak Gabiriako herriari?
Azken urteetan martxan jarritako udal eta herri funtzionamendu dinamikak jarraituko duen bermea garela esango nuke. Hau da, batzorde bidezko antolaketa garden eta horizontalarekin jarraituko dugu, ahulguneak indartzeko asmoarekin; gustatuko litzaiguke batzorde hauetan herriko gainerako taldeen presentzia handiagoa izatea, horrela elkarlana eta herri izaera indartzeko. Euskara eta Kultura, eta Obra batzordeek dinamika polita daukatela esango nuke; beraz, gure erronka horiei eustea eta Ongizate eta Komunikazio batzordeak indartzea izango da.
Funtzionamendu honekin, uste dugu GHEk baino, ekarpenak herritarrek egiten dituztela eta gure lana ekarpen horiek aztertzea eta herrian txertatzea izango dela. Erabat konbentzituta gaude hau dela herri eta udal batek ondo funtzionatzeko bidea eta horretan jarraituko dugu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Hirigintza aldetik oraintxe bertan hiru proiektu dauzkagu mahai gainean:
-
Frontoi azpiko eskoilera: Aspalditik jakina zen harrizko horma mugitzen ari zela baina duela hilabete batzuk harri handi bat erori zenez asko larritu da egoera. Udalak ezin du honen konponketa bere gain hartu eta beraz, bizilagunen eta gainerako erakundeen laguntzaz, irtenbide egoki bat aurkitu beharko da.
-
Alkaintxiki baserria eta ingurua: baserriko lurretan sei etxebizitza eraikitzeko proiektua martxan dago jada, baina beste lau egiteko aukera dago oraindik beharraren arabera. Gainera, baserriari berari ere zein erabilera eman nahi zaion zehaztu beharko da, Udalarena baita.
-
Ostatuko eraberritzea: hainbat fasetan Ostatua eraberrituz joan da eta azken fasean teilatua egokituko zaio. Ondorioz, goiko solairuan espazio handi bat geratuko da eta horren erabilera zehaztea gustatuko litzaiguke.
Gainerakoan, orain arteko lan ildoekin jarraitzea da ideia: UEMAko parte garenez, euskarari eta bere erabilerari garrantzi handia emango diogu, Euskara eta Kultura Batzordean hainbat ekimen antolatuz: hitzaldiak, ikuskizunak, tailerrak… herria bizi mantendu asmoz.
Ongizate batzordeari pisu gehiago ematea da ideia, horretarako Agirin talde feministarekin elkarlan estuagoa egitea gustatuko litzaiguke, adibidez.
Etxebizitzaren gaia ere hemen txertatu nahiko genuke. Adinekoen asteroko juntadizoa martxan da azken urteetan, baina zerbitzu hau indartzea gustatuko litzaiguke, kontziente baikara herrian adinekoei bereziki zuzendutako ekintza gutxi egiten direla.
Eta Komunikazio batzordeari dagokionean, gero eta erabiliagoak diren sare sozialetan egin nahiko genuke saiakera. Modu honetara herriko gazteek udala ahalik eta gertuen ikusi dezaten nahiko genuke, beraien parte-hartzea sustatuz.
Lehen aldiz aurkeztu zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Egia esan, nire asmoa ez zen udalean sartzea; azken aurreko legealdian zinegotzi izan nintzen eta iruditzen zitzaidan beste norbaitzuen txanda zela oraingoa, nahiz eta batzordeen parte izaten jarraitu dudan. Baina gurea borondatezko lana da, eta zerrendari forma ematen hastea asko kostatu da. Zerrendaburu bat falta zela ikusten zen eta hori izanda errazago osatuko genuela zerrenda. Kontestu horretan, zerrendakide batzuek konbentzitu ninduten pausoa emateko eta hori eginda zerrenda azkar osatu genuen.
Erabakia behin asimilatuta egia esan gogotsu nago. Kontziente naiz ze ardura eta lan suposatuko didan, baina osatu dugun taldearekin oso gustura nago eta seguru denon artean ahalik eta ondoen egingo ditugula gauzak.
Gabiria Hautesle Elkartearen hautagaiak:
-
Endika Igartzabal Murua.
-
Iratxe Irigoien Aranburu.
-
Iñigo Igartzabal Bidegain.
-
Felix Maiz Egiguren.
-
Maialen Igartzabal Murua.
-
Iker Arratibel Aranburu.
-
Joseba Iztueta Dorronsoro.
Ordezkoak:
-
Miren Deba Aranburu.
-
Andrea Aldazabal Merino.
-
Javier Garcia Andoain.