«Gure Zegama denon Zegama izan dadin lan egingo dugu»
Izaskun Igoa lehendabiziko aldiz aurkezten da alkategai gisa Zegama Lantzen ordezkatzen, baina badu udal jardunean esperientzia, azken zortzi urteetan zinegotzi izan baita Zegamako Udalean. Erronka berriari «ilusioz» heltzen diola adierazi du.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Herrigintzaren aldeko apustuarekin aurkezten naiz. Ideia eta pentsaera aniztasuna aberasgarria da herri batean, baina guztiak errespetatuz pertsonen arteko elkartasuna behar beharrezkoa. Bide horretan lan egingo dugu, gizarte inklusibo bat helburu dugula, gure Zegama denon Zegama izan dadin.
Zegaman ugari eta anitzak dira ditugun eragileak eta elkarteak. Guztion arteko elkarlana ezinbestekoa izango da eta guztion artean egingo dugu herria. Elkarlan honetan dauden egun eta kultur ekintzak mantentzen saiatuko gara, Honez gain ekintza berriak sortuz guztiongana iristeko kultur-kirol agenda egingo dugu.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Zegama abiapuntu, hasiak dauden proiektuak aurrera eramaten jarraituko dugu eta erronka eta helburu berriei ere helduko diegu. Pertsonen ongizatea izango da gure ardatz. Zegaman dugun bizi kalitatea mantentzen eta ahal den heinean hobetzen saiatuko gara.
- Kalitatezko gizarte zerbitzuen aldeko apustua egiten jarraituko dugu, gizarte kohesioa ziurtatu eta ahulezia egoeran dauden pertsonak babesteko. Aldi berean, jubilatuen egoitza berri bat eraikitzeari eta egokitzeari ekingo diogu.
- Azken urteetan bezala herritarrei udaletxeko erabaki eta ekintzen berri ematen jarraituko dugu. Gizarte digitalean bizi garen honetan, komunikazio bide berriak eraikitzen saiatuko gara informazioa guztion esku izateko.
- Bizilagunen irisgarritasun unibertsala bultzatuko dugu, oinezkoentzako espazioak irabaziz. Gure auzokideen erosotasunaren aldeko ekintzak sustatuko ditugu, bizi den udalerrian pozik senti dadin.
- Hezkuntza eta formakuntza gure herriaren etorkizunerako oinarrizko tresnak dira. Garapen pertsonal eta profesionalarentzako beharrezkoak diren tresnak. Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean gizarte justuago, inklusibo, solidarioago eta kohesionatuago bat bultzatuko dugu.
- Gazteen aldeko apustua egiten dugu. Emantzipazioa, partaidetza eta ekimen ezberdinen bultzada dira gaztediaren alorrean egiten dugun apustua. Gazteak dira Zegamaren oraina eta etorkizuna. Beraiekin eta beraien alde lanean jarraituko dugu.
- Bizi garen ingurune naturalari eutsiko diogu, naturaz gozatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuz, natura modu orekatu eta arrazionalean erabiliz.
- Zegama herri jasangarri bihurtu nahi dugu, eta horretarako, politika energetikoa, etxeko hondakinen kudeaketa eta uraren eta energiaren kontsumoaren atentzioa egokitu behar ditugu.
- Kultura, dinamika sozialaren giltzarria da. Babestu behar den kultura tradizio eta ondare bat daukagu, eta alde berean mundura irekita egon behar dugu. Kultur eta kultur-arteko asteak ospatuz hau bultzatuko dugu.
- Zegama euskalduna bultzatuko dugu. Bai ezagutza eta baita erabilera aldetik ere. Horretarako, herri ekintza desberdinak egiteaz gain, euskaldunak alfabetatzean jarriko dugu indarra eta ahalegina.
- Zegamarron kirol arloan daukagun zaletasuna nabaria da, eta herritarren eskaria etengabe ari da gehitzen eta aldatzen. Kalitatezko zerbitzuak emateko, herritarren beharrizanei erantzungo dien kirol eskaintzaren planifikazio dinamikoago eta irekiago bat egingo dugu.
- Turismoa bultzatzeko, herriko mendi-ibilbideak behar bezala seinaleztatuta mantentzeko ekimenak egingo ditugu.
- Herri hezkuntzan, berdintasunean, aniztasunean eta elkarbizitza positiboan oinarritzen den Zegama bultzatuko dugu. Generoen arteko berdintasunaz gain, herritar guztion inklusioa izango dugu helburu.
- Zegama herrigintzan eraikiko dugu, herriko elkarte guztien laguntzarekin. Guztion parte hartzea bultzatuz, ditugun senidetasun harremanak indartuz eta herriko historian dugun altxorra mantenduz eta zainduz.
Aurrenekoz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Alkatetzara aurrenekoz aurkeztuko banaiz ere, zortzi urtez zinegotzi lanetan aritu naiz. Batetik bestera dagoen ardura maila kontuan hartuta ilusioz heltzen diot erronka berri honi, Zegaman sinesten eta maite dugun, emakume eta gizon talde ezin hobearekin batera.
Ohore handia litzateke niretzat Zegamako alkate izatea eta Zegama osatzen duten emakumeen eta gizonen komunitate osoa ordezkatzea.
ZEGAMA LANTZEN (ZL)
Titularrak
1. Izaskun Igoa Arizkorreta
2. Iñaki Xabier Albizu Ormazabal
3. Julian Iraola Lapizondo
4. Alina Dumitru
5. Erika Urtzelai Larrea
6. Xabier Gereñu Irastorza
7. Ibon Zabaleta Urbizu
8. Nerea Galdos Urbizu
9. Elixabet Arrieta
Ordezkoak
1. Ainhoa Txurruka Aierbe
2. Maria Pilar Elorza Intxausti
3. Joseba Izagirre Arozena