«Herritik eta herriarentzat lan egingo duen hautagaitza da gurea»
Iñaki Ugalde (Mutiloa, 1967) seigarrenez aurkeztuko da aurten Mutiloako alkategai. Zerrenda bakarra aurkeztu da eta hortaz, beste lau urtez izango da alkate. «Gogotsu dago», eta legealdi bakoitzak «bere berezitasunak eta erronkak» dituela dio.
Zer ekarpen egingo dio zure hautagaitzak herriari?
Herritik eta herriaren alde lan egingo duen hautagaitza izango da. Herritarren beharrak kontuan hartuko ditu eta horiek legealdi honetan osatu dugun Planean islatzen da. Herriko80 pertsona inguruk bere ekarpena izateko aukera izan zuen eta bertan proiektu asko jasotzen dira. Herrira begirako zerbitzuak ere mantendu eta ahal den neurrian indartu ere egin nahi dira.
Zein dira datozen urteetarako proiektu nagusiak?
Legealdi honetan Errotatxo eraikina zaharberritu da eta orain erabilera berriak eman nahi zaizkio dagoeneko dituenaz gain. Batetik, herriko ondarea jasoko da bertan eta makina ezberdinez osatutako tailer edo laborategia ere izango da eta tailer horiek dauden egunetan herritarrek bertara joateko aukera izango dute. Beste erabilera batzuk ere eman nahi zaizkio.
Mediku zerbitzua mantentzea, Ostatua irekita mantentzea eta herrira begirako beste zerbitzu batzuk izatea, nahiz eta jakin horietako batzuk lortzea ez dagoela udalaren esku soilik.
Elkarrekin gozatzeko eta bizitzeko herria izatea nahi dugu. Bertan, haurrak, gazteak, helduak, adinekoak, denek lekua izatea herrian. Herriko kultur eskaintza indartzea eta zabaltzea. Herritarren artean elkarlana eta auzolana bultzatzea garrantzitsua ikusten dugu, denon artean eskaintzak aurrera bultzatu ahal izateko.
Hauek guztiak jasota daude herriko Planean.
Berriz aurkezten zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Aurtengoan seigarren aldiz aurkezten naiz alkatetzarako. Gogotsu nago, legealdi bakoitzak bere erronkak eta berezitasunak dituelako eta beti behar berriak ere sortzen direlako.
MUTILOAKO HERRI KANDIDATURA (MHK)
Titularrak
1. Iñaki Ugalde Alustiza
2. Iñaki Zabalo Etxezarreta
3. Erkuden Agirre Arruabarrena
4. Aitor De Astobiza Uriarte
5. Maria Salome Olatexea Gartzia
6. Jule Aranburu Mariezkurrena
7. Asier Agirre Murgiondo
Ordezkoak
1. Miguel Maria Imaz Mintegi
2. Maitane Agirre Murgiondo
3. Juan Martin Agirre Arruabarrena
4. Xabier Tarragona Castro